Politika -
EAE-KO HAUTESKUNDEAK
Lehendakariak dio ez dakiela noiz egingo diren hauteskundeak eta agintaldia amortizatutzat jotzea kritikatu du
Alderdi politikoek lehendakarigaiak aukeratzeko barne hauteskundeak abiatu izanak ez du esan nahi agintaldia "agortuta" edo "amortizatuta" dagoela, Iñigo Urkullu lehendakariaren arabera.
AGENTZIAK | EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak karguan ez duela errepikatuko jakin zenetik, agerraldi publikoren bat egiten duen bakoitzeko galdetzen diote noiz deituko dituen hauteskundeak, baina ez dago erantzunik oraingoz. Astelehen honetan adierazi duenez, "benetan" ez daki noiz egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Halaber, alderdi politikoek lehendakarigaiak aukeratzeko prozesuak hasi badituzte ere, ez du uste serioa denik agintaldia "amortizatutzat" ematea.
El Correo egunkariak eta Santander banketxeak antolatuta Bilbon gaur goizean egin den foro ekonomikoan parte hartu du Urkullu lehendakariak, eta beste behin hauteskunde dataren inguruan galdetu diote.
"Benetan" ez dakiela erantzun du. "Eusko Jaurlaritzan gure onena emango dugu agintaldiaren azken segundora arte", esan du.
Hala ere, nabarmendu du 2020an Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 5ean egin behar zirela, baina pandemia tarteko azkenean uztailaren 12an egin zirela, eta, hortaz, ez dela lau urteko agintaldia bete oraindik.
Lehendakariak uste du alderdi politikoek lehendakarigaiak aukeratzeko barne prozesuak abiatu izanak ez duela esan nahi agintaldia "agortuta" edo "amortizatuta" dagoela. "Ez zait serioa iruditzen", gaineratu du. " Ni ez naiz hautagaia nire funtzioak betetzen ari naiz eta ez dakit noiz izango diren hauteskundeak", berretsi du.
Azkenik, azpimarratu du legealdia amaitu aurretik hainbat lege onartu nahi dituztela Eusko Legebiltzarrean, hala nola, Hezkuntza legea, Enplegu legea, Finantzen Euskal Institutuaren legea, Aurrekontu legea, Trantsizio energetikorako legea edota Klima aldaketaren aurkako legea.