Politika -
ANTOLAKUNDE BERRIA
Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS) aurkeztu dute Eibarren
1.500 gazteren aurrean egindako aurkezpenean, Mugimendu Sozialistaren erreferente politiko nagusia izango den erakunde berria aurkeztu dute gaur Eibarko Astelenan, haren bide-orriarekin batera. Zazpi auzi nagusiri erantzuna ematen saiatuko da EHKS.
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
1.500 lagun bildu ditu gaur Mugimendu Sozialistak Eibarren, aurrerantzean erreferente politiko nagusia izatea nahi duten Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS) aurkezteko.
"Alternatiba sozialista antolatu" lelopean, EHKSren sorrera ekitaldia egin dute, haren bide-orria aurkeztuz. Zazpi auzi jorratu nahi dituzte ibilbide berri horretan: "bizitzaren garestitzea eta langileriaren miseria, gerra inperialisten areagotzea eta NATO, estatu-autoritarismoa eta faxismoaren gorakada, ekosistemen suntsiketa, emakume langileon zapalkuntza, Euskal Herriko langileriaren autodeterminazio eskubidea (euskararen biziraupena, horrekin lotuta) eta militante iraultzaileen amnistia".
"Krisi kapitalista bete-betean bizi garen honetan", alternatiba sozialista antolatzeko inoizko aukera onena dagoela uste dute, eta, horregatik, "komunismoa langileon artean hegemoniko" bilakatzeko lan egingo dutela azaldu dute. "Sozialismoa edo basakeria kapitalista. Ez dago aukerarik tarteko bideetarako", berretsi dute.
Hori bai, ez dute alderdi politiko gisa erakundeetan parte hartzeko asmorik, eta kritika egin diete alderdi parlamentario guztiei, "euren proiektu politikoa eredu kapitalistaren barruan kokatzeagatik". Espresuki aipatu dituzte EAJ, UPN eta EH Bildu.
Hala, EHKS "ongizate unibertsalaren alde egingo duen forma politiko bat" izango dela adierazi dute, eta abagune historiko hau probestu nahi dute "nazioarte mailan proletargoaren indar politiko berri bat" artikulatzeko.
Proposatzen duten antolakuntza eredua "masa-antolakuntza" dela zehaztu dute, "proletargoa bere osotasunean eta aniztasunean antolatzeko anbizioa eta gaitasuna dituena, (...) hemen zein munduko edozein tokitan".
Datozen asteetan hiri zein eskualdeetan aurkeztuko dute antolakunde berria.