Politika -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Garrido: "Sanchezen Gobernuak hainbat delitu despenalizatu ditu eta horiek Zigor Kodean sartu behar dira"
Amnistiari buruzko lege-proposamenari egindako zuzenketa defendatu du EAEko Alderdi Popularreko legebiltzarkideak, uste baitu ekintza batzuk delitu bezala jaso behar direla eta beste batzuk indartu.
O. A. | EITB Media
Atzo, PPk amnistiari buruzko lege-proposamenari zuzenketa aurkeztu eta biharamunean, Laura Garrido legebiltzarkide popularrak ez du argitu bere alderdiak egindako proposamenak erreferendum deialdiak eta independentzia aldarrikatzen duten eragileak desegitea ekarriko lukeen. Dena den, Sanchezen Gobernuak hainbat delitu "despenalizatu" dituela salatu du eta horregatik uste du "komenigarria" dela ekintza batzuk delitu bezala jasotzea Zigor Kodean eta beste batzuk indartzea. Ezustekorik ezean, Amnistia legea aurrera aterako da Espainiako Diputatuen Kongresuan, baina izapidetzea atzeratu nahi du Alderdi Popularrak.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, PSNk Iruñeko alkatetza EH Bilduri eman izana deitoratu du. Pedro Sanchezek eta Alderdi Sozialistak EH Bilduren inguruan esaten dutenak ez du inolako baliorik eta sinesgarritasunik Laura Garridoren arabera. Ildo horretan, azpimarratu du hainbat aldiz esan dutela ez dutela itunik sinatuko koalizio abertzalearekin eta azkenean kontrakoa egin dutela.
2024an egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, alternatiba bakarra Alderdi Popularra dela nabarmendu du. Horren iritziz, EAJ, EH Bildu, Alderdi Sozialista eta Podemos bat eginda daude Madrilen eta "hemen politika berberak" egiten dituzte.
Bestalde, osasun arloko profesional gabeziari aurre egiteko, Europar Batasunetik kanpoko mediku eta erizainak kontratatzeko zabaldu duen aukera defendatu du Garridok. Euskadiko Alderdi Popularrean osasun gaietarako arduraduna ere badenak euskara-eskakizun mailarekin lotu du Osakidetzan dagoen profesional falta. Horren esanetan, euskara ez zekiten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako profesionalak kanpora joan dira eta estatuko gainontzeko erkidegoetatik ez dira EAEra etorri arrazoi beragatik. Horrez gain, Osakidetza ez dagoela ondo salatu du eta, besteak beste, mediku falta eta plangintza falta dagoela aipatu du.