Politika -
Prentsaurreko bateratua
Polo soberanistak 'esparru politiko berria' eskatu du Nafarroarako
“Gaur egungo egoera ekonomiko eta sozialean, politika komunak jartzeko beharra inoiz baino nabariagoa da”, azpimarratu du Barrenak.
Erredakzioa
Aralarrek, EAk eta ezker abertzaleak “esparru berria” eskatu dute Nafarroarentzat, lau herrialde euskaldunen arteko politika komunak aldarrikatu dituzten bitartean, oraingoak erabakitzeko eskubidea izatea eta krisitik irtetea “eragozten” dielako.
“Esparru horrek nafarren behar sozial zein ekonomikoak aseko lituzke, Espainiarren aginduak jarraitu beharrean”, azaldu dute prentsaurrekoan. Xabi Lasak eta Pernando Barrenak komunikatu bat irakurri dute euskaraz eta erdaraz, hurrenez hurren, eta hiru alderdietako parlamentari eta parlamentari ohien babesa izan dute. “Orain dela hogeita hamar urte lau herrialde euskaldunak zelan antolatuko ziren erabakitzea galarazi zieten herritarrei era ez oso baketsu batean”, azpimarratu dute hiru alderdiek, eta oraingoan erabakitzeko aukera izatea eskatu diete.
“Inboluzio sozialaren aurka” “Gaur egungo egoera ekonomiko eta sozialean, politika komunak jartzeko beharra inoiz baino nabariagoa da”, azpimarratu du Barrenak. Horregatik, Nafarroako herritarrek “etorkizuna era aske batean eraikitzeko nolako erakundeak eta harremanak izan nahi dituzten” erabaki behar dutela uste du.
“Lau euskal lurraldeen artean bitarteko politikoez zein ekonomikoez baliatzea nahi dugun erabaki behar dugu, eta horrela Estatuaren inboluzio sozial eta zentralistari modu eraginkor batez aurre egin ahal izango diogu”.