Politika -
Pornografia
Aditu batzorde bat sortuko du Gobernuak, pornografiaren kontsumoan esparru digital seguru bat bermatzeko
Espainiako presidente Pedro sanchezen hitzetan, "epidemia baten aurrean gaude". Ildo horretan, ohartarazi du pornografiaren kontsumoak nerabeen heziketan eragina duela, eta berdintasunaren aldeko borrokan atzera egiteko arriskua areagotzen duela.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek gaur, astelehenarekin, iragarri du aditu batzorde baten eraketa onartuko dutela biharko Ministroen Kontseiluan, gazteentzako eta haurrentzako esparru digital seguru bat bermatze aldera, eta "pornografiaren kontsumoak" izan duen hazkundearen aurrean.
Datuen Babeserako Espainiako Agentziak adingabeei, osasun digitalari eta pribatutasunari buruz landu duen estrategiaren aurkezpenean egin du iragarpena Sanchezek. Hain zuzen ere, agerraldi horretan ohartarazi du adingabeen artean pornografiaren kontsumoak izan duen gorakadaz.
"Ez da ahoberokeria esatea epidemia baten aurrean gaudela. Eta epidemia horren biktimak gure seme-alabak dira", esan du. Zentzu horretan, gogora ekarri du pornografia kontsumitzeak kalteak ekar ditzakeela, nerabeen heziketan eragina duelako, eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko borrokan atzera egiteko arriskua areagotzen duelako.