Politika -
EUSKARA biziberritzeko plana
Eusko Jaurlaritzak erraztasun gehiago eman nahi ditu datorren hamarkadan euskara ikasteko eta erabiltzeko
Hizkuntza ikasteko erraztasunak handitzeaz gain, Jaurlaritzak eskolaz kanpoko ekosistema euskaldunagoa lortu nahi du, ingurune digitalean euskararen espazioa handitu, euskaraz lan egiteko aukerak zabaldu eta euskarazko edukiak sortzeko eta kontsumitzeko aukerak gehitu.
EITB MEDIA
Datorren hamarkadan euskara biziberritzen jarraitzeko plan berriaren helburua erabilera soziala handitzea da, baita euskaraz ikasteko eta lan egiteko erraztasunak zabaltzea ere.
Euskararen plan berria astearte honetan onartu dute Gobernu Kontseiluan, eta "Aroa" du izena. Euskara biziberritzeko eta ahalduntzeko esparru estrategiko berria da, eta 2012-2022 aldirako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana ordezkatzen du.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu duenez, gizarteak azken hamar urteetan izan dituen aldaketei erantzuten dio plan horrek, eta "egungo testuinguru eleanitzean, euskaldun aktibo eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea" du helburu.
Planak bost helburu nagusi zehazten ditu
Lehenengoa, euskaraz ikasteko aukerak handitzea eta erraztea, herritarren egoera edozein dela ere.
Gainera, eskolaz kanpoko ekosistema euskaldunagoa lortu nahi du, gazteek gehiago eta hobeto ikas eta erabil dezaten euskara, hezkuntzaz haratago, eta euskarak leku nabarmena izan dezan aisialdian eta kirolean.
Halaber, ingurune digitalean euskarak leku gehiago izatea eta hizkuntza teknologien bidez euskaraz komunikatzeko aukera handiagoak lortzea. Ingurune digitalean, edukiak euskaraz sortu eta kontsumitzeko aukerak handitzea.
Laugarren helburua eremu sozioekonomiko publikoan zein pribatuan euskaraz lan egiteko aukerak areagotzea da, euskara ikasi duten gazteek lan-munduan hizkuntza hori erabiltzen jarraitu ahal izateko.
Azkenik, euskarazko edukiak sortzeko eta kontsumitzeko aukerak zabaldu nahi ditu.Ingurune digitalean bezainbat, beste edonolako testuingurutan, euskarazko edukiak sortu eta zabaltzeko baliabideak ugaritu eta kontsumitzaileen aktibazioan eragitea izango da gako nagusiena.
Gainera, euskara biziberritzen jarraitzeko oinarriak ezartzen ditu dokumentuak, erakundeekin eta herritarrekin zein euskararen arloko eragileekin elkarlanean.