Politika -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Espainiako "ezegonkortasunak" Jaurlaritzari eragiten dioten erabakiak atzeratu ditzake, Zupiriaren arabera

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "harrituta" jarraitu du Juntsek Amnistia Legeari emandako ezezkoa, eta Sanchezen Gobernua Kongresuan gehiengoa bermatzeko ahaleginean buru belarri ari dela deitoratu du.

Bingen Zupiria Euskadi Irratian
Bingen Zupiria Euskadi Irratian
Bingen Zupiria Euskadi Irratian

play icon 25:41

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juntsek Amnistia Legea atzera bota eta biharamunean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea kezkatuta agertu da Espainiako Gobernuaren "ezegonkortasunak" Euskal Autonomia Erkidegoari lotutako hainbat neurri atzeratu egin ditzakeela iritzita.

Amnistiaren Legeak gobernuen arteko harremanetan eragina duela onartu du Zupiriak, batetik hedabideen eta politikaren arreta guztia bereganatu duelako; bestetik, "ezegonkortasun horrek" gobernuak egin behar dituen politika guztiei eragiten dielako. "Gure kasuan, Eusko Jaurlaritzarekiko harremanetan bideratu eta hartu behar ziren zenbait erabaki atzeratzeko arriskua dago, gaineratu du. 

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan Zupiriak azpimarratu duenez, "harrituta" jarraitu zuen atzo Juntsek Diputatuen Kongresuan Amnistia Legeari emandako ezezkoa. Halaber, uste du atzo agerian gelditu zela  Espainiako Gobernuak zailtasunak izango dituela legegintzaldi honetan ekimenak aurrera ateratzeko, aurrekontu proiektua esaterako, Sanchezen inbestidura babestu zuten guztien babesa beharko duelako. "Juntsek atzo hartutako erabakia ikusita hori ez da gauza erraza izango", gehitu du.

Bestalde, transferentziei begira, konpromisoak bete daitezen lanean jarraituko dutela agindu du. PSOEk eta EAJk Sanchezen inbestidurako akordioan adostu zuten hiru hilabeteko epean mahai gainean dauden eskualdatzeak gauzatzea: aldiriko trenak, atzerriko unibertsitate tituluen baliozkotzea eta migratzaileen harrera. Hala ere, gaur-gaurkoz Zupiriak esan du ez dagoela Transferentzien Batzorde Mistoa biltzeko deialdirik. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua bideoak Pedro Sánchez bideoak Eguneko albisteak Albisteak Amnistia Legea