Politika -
EAE-KO HAUTESKUNDEAK
Gorrotxategik hautagaitza aurrerakoiaren "aukerak ahalik eta gehien probestea" eskatu du, "betorik gabe"
Ezker konfederaleko gainerako indarrak aipatu gabe, ekitaldi politikoa egin du Euskadiko Podemosen buruzagiak, oinarriek lehendakarigai aukeratu berritan.
Agentziak | EITB Media
Miren Gorrotxategi Euskadiko Podemosen lehendarigaiak hautagaitza aurrerakoiaren "aukerak ahalik eta gehien probestea" eskatu du, "betorik eta marra gorririk ezarri gabe".
Euskadiko Podemosek kanpainaurreko ekitaldia egin du Gasteizen, Gorrotxategi alderdiaren zerrendaburu izango dela iragartzeko. Horren ustez, EAEko hauteskundeak "aukera bat" dira euskal politikagintzan "ezkerrera jauzi bat egiteko".
Gorrotxategik ez ditu aipatu ezker konfederaleko gainerako indarrak —Sumar Mugimendua, Ezker Anitza-IU eta Berdeak-Equo—. Ia ordu berean, hiru alderdiek iragarri dute koalizioan aurkezteko aurreakordioa erdietsi dutela.
Podemoseko hautagaiak EITB Focus inkesta izan du hizpide, eta azpimarratu du emaitzak —bi eserleku aurreikusi dizkio— Legebiltzarrean Elkarrekin Podemos-IUk egindako lanaren "aitorpen publikoa" direla.
Gorrotxategiren esanetan, EAEn "ezkerretara" egin behar da "jauzi". "Jaurlaritzak (EAJ-PSE-EE) porrot egin du Euskadin bizimodu duin bat izateko behar diren gai guztien kudeaketa publikoan eta demokratikoan", argudiatu du. EH Bildu ere estu hartu du: "Esan dute EAJ dela euren lehentasunezko bazkidea, euren anaia nagusia".
Horren aurrean, "elkartruke bat barik, aldaketa" babestu du Gorrotxategik.