Politika -

EITB Focus

Langabezia eta arazo ekonomikoak dira herritarren kezka nagusiak

EITB Focus inkestaren arabera, langabezia, lan-etorkizuna edo soldata prekarioak dira herritarrak gehien kezkatzen dituzten arazoak. Osakidetza, delinkuentzia eta osasun pertsonala dira inkestan aipatutako beste gai batzuk.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabezia, lan-etorkizuna eta arazo ekonomikoak dira euskal herritarrak gehien kezkatzen dituzten gaiak, EITB Focus inkestaren arabera. Izan ere, inkestatuen hamarretik hiruk maila pertsonalean gehien kezkatzen dituen arazotzat aipatu ditu.

Galdetutakoen % 16,2k erantzun dute soldata prekarioak, langabezia edo lan-etorkizuna direla gehien kezkatzen dituen arazoa. Ondoren, % 14,2k bizitzaren garestitzea eta krisi ekonomikoa aipatu dituzte, eta % 8,6k erantzun dute osasuna (Osakidetza eta Gizarte Segurantza) dela gaur egun gehien kezkatzen duena.

Osasun pertsonala (% 7,2), delinkuentzia eta herritarren segurtasuna (% 7,1), etxebizitza (% 6,1) eta alderdi politikoak (% 4,1) dira EITB Focus honetan herritarrek aipatutako beste kezka-iturrietako batzuk.

Beste atal batean, Euskadiko arazo nagusia zein den galdetuta, galdetutakoen % 17,6k erantzun dute jarduera ekonomikoa eta enpleguaren sustapena direla, eta % 10,9k Osakidetza eta osasuna aipatu dituzte.

Politikariak eta alderdien ustelkeria ere gai kezkagarria da % 8,9rentzat, eta etxebizitza eta etxegabetzeak, berriz, % 7rentzat.

Azkenik, Euskadiko bizi-kalitateari emango lioketen baloraziori buruz galdetu zaie herritarrei. Batez beste 7,5eko nota eman diote. Hamar herritarretik zortzik 7tik gorako nota eman diote Euskadiko bizi-kalitateari.

Metodologia

Bizitokia EAEn duten 1.800 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko (lurralde historiko bakoitzeko 600).

Galdeketak urtarrilaren 24tik 29ra egin zituzten, telefonoz.

Ikerketari buruzko zehaztasun sakonagoak edo beste adierazle estatistiko batzuk ezagutzeko, kontsultatu PDF osoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Osakidetza berriak Langabezia Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea EiTB Focus Etxebizitza albisteak Hauteskunde inkestak