Politika -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Ertzaintzaren Tolosako kargari lotuta, foam piloten erabilera berrikusi behar dela uste du Gorrotxategik
Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiaren arabera, denbora dagoen bitartean "posible" da Sumar eta Podemos koalizioan aurkeztea Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara. Hala ere, momentuz, atea itxi egin dietela salatu du.
O. A. | EITB MEDIA
Ertzaintzak jaurtigai batek Tolosan zauritutako 16 urteko mutilaren kasuari lotuta, foam piloten erabilera berrikusi beharra dagoela nabarmendu du Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak. Horren esanetan, "ez du funtzionatzen, ezin da erabili, arrisku handiegia da horretan jarraitzeko". Ildo horretan, Iñigo Cabacasen oroimena ekarri behar dela uste du, "horrelako zeozer gertatu zelako".
Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei begira, gaur-gaurkoz Elkarrekin Podemosen lehendakarigaia denak ez du guztiz baztertu espazio politiko handiagoa ordezkatzeko aukera. Hautagaitzak erregistratzeko momentua iritsi arte denbora dagoela eta, hortaz, Podemos eta Sumar elkarrekin aurkeztea posible dela adierazi du. Hala ere, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, orain arte Sumarrek atea itxi dio aukera horri. "Ez dakit norbaitek zabalduko ote duen, ez hitzez, ekitez; hori gertatuko balitz, bide hori jorratuko genuke, baina egia da, momentuz, atea itxi egin digutela", gehitu du.
Aipaturiko hauteskunde hitzordu horretara, ezker ez independentista "ahalik eta indartsuen" joatea da Gorrotxategiren helburua. Juan Lopez de Uralde buru duen Aliantza Berdearekin batera aurkezteko aukeraz galdetuta, espazio berean dagoen beste sujetu bat izaki, aukerak badaudela aitortu du.
Oraindik Iñigo Urkullu lehendakariak hauteskundeak noiz egingo diren argitu ez badu ere, Gorrotxategik uste du apirilean egingo direla, eta, hortaz, bi asteko epean desegingo dela Eusko Legebiltzarra.
Bestalde, "inoiz baino argiago" ikusten du ziklo aldaketa gauzatzeko eta ezkerreko gobernu bat osatzeko aukera. Gorrotxategik gaineratu duenez, ezkerreko gobernu bat babestuko luke Elkarrekin Podemosek, baina ez litzateke ezkerrekoa izango EAJ bertan balego. Bestalde, lehenago edo berandua, EAEko ezkerrak batuko diren eguna iritsiko dela uste du, "normaltasunaren seinale".