Politika -

Trafiko eskumena

Chivite: "Gorenaren jarrera aldatu egin da, gaurko epaia ez baitator bat aurreko jurisprudentziarekin"

"Harrituta nago komunikabideen bidez gai horren berri izan dugulako auzitegiak berak epaia jakinarazi aurretik; bitxia da, baina hor utziko dugu", adierazi du Nafarroako presidenteak.

Maria Chivite Nafarroako presidentea gaurko agerraldian. Irudia: EITB
Maria Chivite Nafarroako presidentea gaurko agerraldian. Irudia: EITB
Maria Chivite Nafarroako presidentea gaurko agerraldian. Irudia: EITB

Eriz Lotina | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite Nafarroako presidenteak Auzitegi Gorenaren erabakia baloratu du, bertan behera utzi baitu Guardia Zibilaren trafiko arloko eskumenak Nafarroako Foru Erkidegoari transferitzea ekarri zuen errege-dekretua, JUCIL guardia zibilen elkartearen helegitea aintzat hartuta. Chiviteren ustez, "Gorenaren jarrera aldatu egin da, gaurko epaia ez baitator bat aurreko jurisprudentziarekin".

"Harrituta nago prentsaren eta komunikabideen bidez izan dugulako gai horren berri, auzitegiak berak epaia jakinarazi baino lehen; bitxia da, baina hor utziko dugu", azpimarratu du Nafarroako agintariak agerraldiaren hasieran.

Hala ere, Chivitek esan du Gobernuak "beharrezko mekanismoa" martxan jarriko duela "autogobernuan aurrera egiteko aho bateko konpromisoarekin" aurrera jarraitzeko, trafikoaren eskumena bereganatuta.

Chivitek gogorarazi du trafiko eskumena Nafarroara transferitzea Espainiako Gobernuak 2000. urtean hitzartu eta konprometitu zuela. Jose Maria Aznar orduko presidentea Miguel Sanz Nafarroako presidente eta UPNko buruzagiarekin bildu zen, eta erabaki zuen Foru Erkidegoak hartuko zituela bere gain "2000-2001 epean trafikoaren eta kudeaketa zibilaren arloko eskumen esklusiboak".

Nafarroako presidenteak bereziki nabarmendu du "Gorenaren epaia ez datorrela bat Auzitegi Gorenaren beraren aurreko jurisprudentziarekin". Chiviteren ustez, Gorenak "bere burua zuzendu du", "2018ko jurisprudentzia dagoelako beste norabide batean".

Ildo horretan, azaldu du egungo epaiak dioela Nafarroak ez duela eskumen nahikorik trafiko arloan. Hala ere, "Nafarroako Foruzaingoak eskumen historikoak ditu trafikoaren arloan", berretsi du buruzagiak. "Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak foru-lurraldeen eskubide historikoak babesten, errespetatzen eta aitortzen ditu. Xedapen hori nahikoa da transferentzia bat egiteko, Gorenaren aurreko jurisprudentziaren arabera: zehazki, otsailaren 13ko 219/2018 eta martxoaren 7ko 379/2018 epaiak", aipatu ditu Foru Erkidegoko agintariak.

Halaber, uste du Gorenaren epaiak ez duela baztertzen "transferentzia egin ahal izatea, baizik eta erabilitako prozedura desegokia dela".

Izan ere, Nafarroako agintariaren hitzetan, Auzitegi Gorenak atea ireki dio Nafarroak eskumena beste bide batzuetatik jasotzeari. "Ondorioz, ezin da eskualdatzeko errege-dekreturik erabili NFEBHLOn edo 'loreafna'n Nafarroari aitortu gabeko eta haren zuzenbide historikoan babestu gabeko eskumena esleitzeko. Onartu ahal izango ditu, baina NFEBHLO erreformatuz edo Konstituzioaren 150.2 artikuluko lege organiko baten bidez", dio epaiak hitzez hitz.

Chivitek ziurtatu duenez, gainerako talde parlamentarioekin batera lan egingo dute, Transferentzien Batzordearen aho bateko erabakia izan baitzen, trafiko eskumena lortzeko araudia aldatzeko formuletako bat bilatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Politika Nafarroa Auzitegi Gorena Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Foruzaingoaren albisteak María Chivite Espainiako Gobernua bideoak