Politika -
ELKARRIZKETA RADIO VITORIAN
"Herri hau" eraldatuko duen "aldaketa politikoaren" abangoardian Araba dagoela nabarmendu du Otxandianok
EH Bilduko lehendakarigaiaren arabera, eztabaida politikoaren maila igo behar da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Ildo horretan, gainerako alderdi politikoei dei egin die hurrengo asteetan etorkizuneko erronken inguruan "elkarrizketa publiko" bat eraikitzeko.
O. A. | EITB MEDIA
Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigai eta koalizio subiranistaren Arabako zerrendaburuaren arabera, Araba dago "herri hau" eraldatuko duen "aldaketa politikoaren" abangoardian.
Radio Vitoriari eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, ezker subiranista aldaketa eta transformazio "irrika" antzematen asmatzen ari da. Ildo horretan, Araba adibide gisara jarri du. Horren esanetan, azken urteetan "iraultze historiko" bat gertatu da, eta abangoardia izaten ari da herriaren transformazioan.
Bestalde, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako kanpainari begira, eztabaida politikoaren maila igo behar dela defendatu du. Azaldu duenez, aurkeztu berri duen saiakera politikoa "ekarpen" bat da bide horretan eta bertan EH Bilduren ikuspegia jasotzen da.
Halaber, gainerako alderdi politikoei dei egin die hurrengo asteetan "elkarrizketa publiko" bat eraikitzeko "herri honek" datozen urteetan dituen erronken inguruan. Zehazki, eskatu die mahai gainean jar ditzatela beraien ustez zein diren erronkak eta nola egin behar zaien aurre erronka horiei.
Azkenik, euskararen normalizaziorako dekretu berriari dagokionez, euskararen aurkako epaiek "segur aski" testuan eragina izan dutela uste du. EH Bilduk testua idazteko prozesuan ezin izan duela parte hartu esan ondoren, hizkuntza politikak errealitate linguistikora egokitzea aldarrikatu du. Hala ere, dekretutik harago, hizkuntza eskubideak bermatu behar direla adierazi du.