Politika -

AMNISTIA LEGEA

Amnistia Legearen testuan aldaketak onartu ditu PSOEk, Juntsi "berme gehiago" emateko

Brasilen da bisita ofizialean Espainiako Gobernuko presidentea, eta handik iragarri du Amnistia Legearen inguruko akordioa ixtear dutela Juntsekin. "Guztiz konstituzionala izaten jarraituko du", zehaztu du.

Pedro Sanchez, Brasilen. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez, Brasilen.
Pedro Sanchez, Brasilen. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Une batetik bestera iragarriko omen dute akordioa. Xehetasunik eman gabe, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, Brasilen egiten ari den bisita ofizialean, aurreratu du zerbait: Amnistia Legearen inguruko akordioa ixtear daude PSOE eta Junts, eta horren iragarpena berehalakoa izan daiteke. Erantsi du zenbait "aldaketa" onartu dituztela sozialistek testuan, Juntsi "berme gehiago" emateko. Bihar da biltzekoa Kongresuko Justizia Batzordea, araua berriro aztertzeko.

Testu berriak, "orain arte bezala", Konstituzioa goitik behera errespetatuko duela ere azaldu du buruzagi espainiarrak. Juntsen "zalantzen aurrean", juridikoki "seguruagoa" den araua ondu dutela gehitu du.

Kataluniako prozesu independentistarekin lotuta auzipetutako herritar guztiak kontuan hartzea izan da Juntsen baldintzetako bat, eta testua moldatuta, hori bermatu nahi dute negoziatzaileek.

Sanchezek zehaztu du ez dituela "inoiz partekatu" Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak zuzentzen zuen alderdiaren zalantzak, baina prest agertu da horiek argitzeko. Bere hitzetan, "inoren zalantzak uxatzeko" testuan jasota dauden "bermeak areagotu" behar badira, "areagotuko ditugu".

Kazetariekin izandako elkarrizketa informal batean egin ditu adierazpenok PSOEren buruak, eta behin eta berriz galdetu dioten arren, ez du ezagutzera eman aldaketen edukia.

Erreakzioak

Sanchezek berria zabaldu orduko, erreakzioak bata bestearen atzetik iritsi dira. Laura Villagra Generalitateko presidenteordeak txalotu egin du akordioa, eta "albiste ona" dela esan du. Legearen hasierako bertsioak ere prozesu independentistan auzipetuentzako "bermeak" bazituela azpimarratu arren, edozein hobekuntza "ongietorria" dela gehitu du. Arau hau "indarrean sartzeko zain herritar asko" daudela ere azaldu du, eta "lehenbailehen aurrera ateratzea" eskatu.

Ildo beretik mintzatu da Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteordea eta Sumar Mugimenduko burua. RNE hedabideari emandako elkarrizketa batean, "lasaitasunerako" mezua igorri du, eta berretsi du legea "erabat konstituzionala" dela. Horren gain, zehaztu du arauak herritar guztiak berdin hartuko dituela. Katalunian 2017an gertatutakoa, bere iritzian, ez dela terrorismoa erantsi du.

Aldiz, Miguel Tellado Alderdi Popularraren eleduna Kongresuan oso gogor eta kritiko agertu da, eta aberrazio politiko, juridiko eta moraltzat jo du presidente espainiarrak iragarritakoa. Independentisten eskaeren aurrean "makurtzea"  leporatu die sozialistei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika PSOE Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Junts per Catalunya