Politika -

Kanpainaurrea

Eneko Anduezaren (PSE-EE) ustez, sozialistak "funtsezkoak" izango dira hurrengo Eusko Jaurlaritzan

PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigaiak Sanchezek eta Zapaterok ere parte hartu duten ekitaldi batean esan duenez, PSE-EE "kudeaketa onaren bermea" da, "nahigabearen aurrean itxaropena, autokonplazentziaren aurrean anbizioa eta sektarismoaren aurrean aniztasuna".

Eneko Andueza, Pedro Sanchez, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Patricia Campelo, gaur. EFE.
Eneko Andueza, Pedro Sanchez, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Patricia Campelo, gaur. EFE.
Eneko Andueza, Pedro Sanchez, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Patricia Campelo, gaur. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigaiak PSE-EEren alde bozkatzea "benetako ezkerra" bozkatzea dela esan du, Euskadi "berri eta on baten alde", independentismoetatik urrun. PSE-EEko buruaren ustez, "hori behar du Euskadik, diskurtso independentista gutxiago, autokonplazentzia gutxiago eta politika gehiago. Politika, letra larriz, sozialistek gobernuan daudenean egiten dutena".

PSOEk larunbat honetan Bilbon egin duen ekitaldi batean egin ditu adierazpen horiek Anduezak. 'Eskubideak, demokrazia, askatasuna: Jose Luis Rodriguez Zapateroren lehen hauteskunde garaipenetik 20 urte' lelopean egindako ekitaldian, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko presidentea, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohi eta Patricia Campelo Bizkaiko hautagaia izan dira parte-hartzaileetako batzuk.

Lehendakarigaiaren esanetan, euskal sozialistak "funtsezkoak" izan ziren Eusko Jaurlaritzan, eta halaxe izango dira hurrengo gobernuan ere. "Ezinbestekoak izango gara. Zenbat eta indar handiagoa, orduan eta gizarte-politika gehiago, eskubide gehiago, askatasun gehiago. Hori da jokoan dagoena. Horregatik irabazi behar dugu eta dena eman hauteskunde hauetan, Euskadi berri eta on bat egiteko", adierazi du. 

Euskadik gobernu sozialista bat behar duela azpimarratu du, PSE-EE "kudeaketa onaren bermea" delako, bai eta "nahigabearen aurrean itxaropena, autokonplazentziaren aurrean anbizioa eta sektarismoaren aurrean aniztasuna" ere. Horren hitzetan, "sozialistok herritarrak jartzen ditugu subiranotasunaren aurretik; egonkortasuna, aurrerapen ekonomikoa eta enplegu hobea gara. PSE-EE da herri proiektu bat duen alderdi bakarra, eta beste batzuek zein baino zein independentistago izateko lehian denbora galtzen duten bitartean, guk herritarrei benetan axola zaienaz hitz egiten dugu", esan du.

Bere hitzaldian, Jose Luis Rodriguez Zapateroren lehen hauteskunde garaipena "Espainiako benetako aldaketa" izan zela azaldu du. "Hura bai izan zela gidoi aldaketa bat, datorren apirilaren 21etik aurrera, Euskadi sozialista bihurtzen denean, egingo dugunaren parekoa", adierazi du.

Nabarmendu duenez, gobernu sozialista baten eskutik itzuli ziren Euskadira "bizitza, argia eta itxaropena". Anduezaren hitzetan, Zapaterori zor dio bere askatasuna, eta "bizi garen bitartean beti egongo gara eskertuta", gaineratu du. "Horregatik, gaur gure artean fisikoki ez, baina, beti gurekin izango direnak gogoratzeko eguna da gaurkoa, Alfredo Perez Rubalcaba eta Rodofo Ares, bai eta bidean geratu zirenak, eta Euskadi baketsu eta aske batekin amesten zutenean hil zituztenak, amets hori errealitate bihurtzeko borrokatu eta dena eman zutenak", erantsi du.

Halaber, bizitzako urterik txarrenak bizitzen egon arren, eutsi eta "poza" aldarrikatu zutenekin gogoratu da. "Ekintza hau geure buruari zor diogu, guk, sozialistok, egin genuelako posible herri honentzat bakea eta askatasuna konkistatzea. 20 urte dira sozialistok gezurrari irabazi geniola herrialde zintzoagoa eraikitzeko", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Hauteskundeak Euskadin PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Eneko Andueza Hauteskundeak Alderdi politikoak albisteak