Politika -
Askatasunaren Ontzidia
Garitano, 'aske izan nahi duten herrien borrokarekin' solidario
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak "Askatasunaren Ontzidiako" kideak hartu ditu eta palestinarrekiko elkartasuna adierazi die.
Erredakzioa
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak "Askatasunaren Ontzidiako" kideei elkartasuna adierazi die eta "mundu osoan aske izan nahi duten herrien borrokarekin" solidario azaldu da.
"Askatasunaren Ontzidia" Donostian dago Gazara bidean. Bertako kideak atzo iritsi ziren Donostiara "Estelle" ontzian, eta hirugarren urtez Israelen blokeoa gainditu eta Gazako zerrendara laguntza eramatea dute jomuga.
Dror Feiler kanpainako koordinatzailearekin, "Estelle" ontziko kideekin eta Musa Odeh Palestinak Espainian duen ordezkari nagusiarekin bildu da Garitano.
Ongietorria emateaz gain, ahaldun nagusiak euskal herritarren elkartasuna adierazi die, bereziki, "Gazak bizi duen egoera larriarekin".
Musa Odehk eskerrak eman eta "historiako espetxerik handienean" bizi direnen egoera salatu du. Palestinarrek "historiako azken okupazioa" bizi dutela esan du, eta "apartheida gerra krimena" dela ekarri du gogora Genevako hitzarmena kontutan hartuta, "oinarrizko giza eskubideen aurka egiten duelako".