Politika -
Barcina: 'Ez da hauteskunde garaia, akordio handiak egitekoa baizik'
Nafarroako presidentearen arabera, “Foru erkidegoak ez du Espainiako Gobernuaren erreskaterik ez esku-hartzerik behar”.
Erredakzioa
Yolanda Barcina Nafarroako Foru erkidegoko presidenteak ez du hauteskundeak aurreratzea onartuko, ez baita horiek egiteko “sasoia”. Parlamentariekin “akordio handiak” egiteko sasoia da, horren ustez, eta bere “indar guztia” horretara bideratuko dituela esan du.
Barcinaren arabera, “aurrekontuak aurrera ateratzeko ere” bilatuko ditu akordioak “Nafarroa, Espainia eta Europa pairatzen ari diren une zail honetan”, eta “adostasunak lortzeaz ari naizenean, 50 parlamentariez ari naiz”, gaineratu du.
Uharte-Arakileko hormigoi plantan instalazio berri bat eraikitzeko protokolo bat sinatu eta gero, legealdi berriari buruz ere galdetu diote Barcinari. Presidentea hauteskundeak aurreratzearen kontra agertu da, PSNrekin harremanak eten ostean gutxiengoa izanda gobernatu arren. Gabonetako aparteko ordainsaria
Gabonetako aparteko ordainsariez galdetuta, “Nafarroan ez da ezberdintasunak bilatzeko garaia, baina badakit hor daudela eta horiei ere heldu behar diegula”.
Horren harira, “autogobernuaren defendatzaile handiena” dela esan eta gero, “lege orokorrak betetzeko daude eta hori ez egitea herritarrei iruzur egitea izango litzateke”, presidentearen aburuz.
Nafarroak ez du erreskaterik behar “Nafarroako Gobernua ardura handiz jokatzen ari da kontu publikoekin; horregatik ez du behar ez erreskaterik ez Espainiako Gobernuaren laguntzarik”, adierazi du Barcinak.
“Hori ona da Nafarroa markak hemen aritu nahi duten enpresentzat erreferente izaten jarraitzeko eta gure erkidegoan jarduera ekonomikoa bultzatzen jarraitzeko”, gaineratu du.