Politika -

HAUTESKUNDEAK KATALUNIAN

Illa, Aragones eta Puigdemonten arteko hiruko lehia erdigunean dela, gauerdian abiatuko da kanpaina Katalunian

Gehiengo argirik gabe eta agertoki posible bat baino gehiagorekin, gaur abiatuko da hauteskunde kanpaina Katalunian. Zalantzarik gabe, Sanchezen azken erabakiak izango du eragina.

Illa, Aragones eta Puigdemont
Illa, Aragones eta Puigdemont
Illa, Aragones eta Puigdemont

Idoia Alberdi Etxaniz | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Parlamentuak 2024ko aurrekontu proposamena atzera bota ondoren, bozak aurreratzea erabaki zuen Pere Aragonès presidenteak, eta maiatzaren 12rako hitzordua ipini. Bada, iritsi da lasterketa azken txanpara. Gaur gauerdian abiatuko da hauteskunde kanpaina eta, ohi bezala, 15 egun izango dituzte alderdiek euren programak aletzeko eta herritarrei botoa eskatzeko.

Zalantzarik gabe, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen azken erabakiak astinduko du kanpaina hasiera; karguan jarraitu edo ez hausnartzeko, bere agenda bertan behera utzi du gobernuburu espainiarrak. Gutxienez, PSCren lau ekitalditan parte-hartzekoa zen datozen egunotan.

Sanchezen iragarpenak izan dezakeen eragina gorabehera, hiruko lehia aurreikusten da Katalunian. Pere Aragonès egungo presidentea (ERC), Carles Puigdemont (Junts+Puigdemoont per Catalunya) eta Salvador Illa (PSC) dira Generaliteko presidentetzarako hautagai nagusiak, Katalunian giro politikoa aspaldiko ozpinduen dagoen garaiotan.

Inkesta dantza ere hasita dago, eta orain artekoek aurreikusten dutena da PSCren garaipena, eta Junts eta ERCren arteko lehia estua, bigarren posturako; Puigdemont legoke aurretik, oso gutxigatik. Galdeketek diote, baita ere, independentismoa apaldu egingo dela —2021eko hauteskundeetan bozka independentista % 52ra iritsi zen—.

Asko dute jokoan, halaber, Laia Estrada zerrendaburu duen CUPek eta Jessica Albiach hautagaiarekin aurkeztu den Comuns Sumar ezkerreko koalizioak. Aurrekontuen negoziazioetan, bi taldeon eta ERC eta PSC alderdien arteko jarrerak asko urrundu ziren, eta ikusteko dago afera horrek bozetan zenbaterainoko eragina duen.

Eskuineko hegalean daude, bestalde, Alejandro Fernandez (PPC), Ignacio Garriga (Vox) eta Carlos Carrizosa (Cs). Horiei dagokienez, inkestek utzi duten datu deigarriena popularren gorakada da.

Orotara, 5.754.840 herritar daude M12an botoa ematera deituta. Horietatik, 5.460.332 bizi dira Katalunian.

135 diputatuk osatzen dute Ganbera kataluniarra. Beraz, gehiengo osoaren langara iristeko 68 eserleku behar dira. 2021eko otsailaren 21eko hauteskundeek agertoki hau utzi zuten:

·         PSC: 33 eserleku (% 23,04)

·         ERC: 33 eserleku(% 21,3)

·         Junts: 32 eserleku (% 20,04)

·         Vox: 11 eserleku (% 7,69)

·         CUP: 9 eserleku (% 6,67)

·         En Comu-Podem: 8 eserleku (% 6,87)

·         Ciudadanos: 6 eserleku (% 5,57)

·         PP: 3 eserleku (% 3,85)

Boz horien ondotik, Aragones errepublikanoak hartu zuen Generalitateko presidentetza, 74 diputatu independentisten babesarekin (ERC, Junts eta CUP).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès Kataluniako Generalitatea