Politika -
Hauteskunde-batzorde Zentrala
Europako hauteskundeetan posta bidezko botoa emateko epea ekainaren 6ra arte luzatu dute
Gainera, Hauteskunde-batzorde Zentralak gogorarazi du emaitzak, estatuz gaindiko bozak direnez, ezin izango direla ekainaren 9ko 23:00ak baino lehen jakinarazi, orduan ixten baitira hauteslekuak Italian.
Agentziak | EITB Media
Hauteskunde Batzorde Zentralak ekainaren 9ko Europako hauteskundeetan posta bidezko botoa emateko epea luzatzea erabaki du, eta azpimarratu du emaitzak, estatuz gaindiko bozak direnez, ezin izango direla igande horretako 23:00ak baino lehen jakinarazi.
Alde batetik, eta Correosek proposatuta, hauteskunde-batzordeak erabaki du Europako Parlamenturako hauteskundeei dagokien posta bidezko botoa emateko epea 2024ko ekainaren 6ra arte luzatzea Espainian dauden hautesle guztientzat, posta-bulegoak irekitzeko ohiko ordutegietan.
Hauteskunde -batzordeak adierazitakoaren arabera, Correosek "kontu handiz jokatu beharko du botoa duten gutun-azalak bozketa-egunean hauteskunde-mahaietan entregatu ahal izateko, legez ezarritako epeen barruan".
Eta beste ebazpen batean, erakundeak probintzietako hauteskunde-batzordeei jakinarazi die, Europako araudian ezarritakoaren eta hauteskunde-deialdiaren arabera, "ezein estatu kidek ezin izango dituela ofizialki argitaratu bere hauteskunde-emaitzak, bozkatzen azkena den estatu kideko bozketa amaitu arte".
Espainiaren kasuan, horrek esan nahi du Barne Ministerioak ezingo dituela zenbaketaren datuak eman hauteskunde gau horretako 23:00ak baino lehen, orduan ixten baitira hauteslekuak Italian.