Politika -

Hauteskundeak Katalunian

Gobernua osatzen saiatzeko zilegitasuna duela aldarrikatu du Puigdemontek, PSOEren kritiken aurrean

Generalitateko presidente izateko Juntsen hautagaiak sozialistei gogoratu die Pedro Sanchez Espainiako presidenteak ere ez zituela hauteskundeak irabazi.

Carles Puigdemont (Junts), hauteskunde biharamunean. Argazkia: EFE
Carles Puigdemont (Junts), hauteskunde biharamunean
Carles Puigdemont (Junts), hauteskunde biharamunean. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzaren 12ko Kataluniako hauteskundeen ondotik, gobernua osatzen ahalegintzeko zilegitasuna aldarrikatu du Carles Puigdemont Juntsen Generalitateko presidentegaiak, eta PSOEren kritikak "ulergaitzak" eta "arraroak" direla gaineratu du. 

Puigdemontek gogora ekarri du 2006an Artur Masek irabazi zituela Kataluniako Parlamentua aukeratzeko hauteskundeak, 48 eserlekurekin, —PSCk igandean lortutakoak baino sei gehiago— eta ez zela presidente izan. Halaber, sozialistei gogoratu die Pedro Sanchezek agintzen duela Espainiako Gobernuan eta Jaume Collbonik Bartzelonako Udalean, gutxiengoan egon arren.

Orain Katalunian hori egitea ezbaian jartzea "ulergaitza" eta "arraroa" iruditzen zaio. Puigdemonten iritziz, Kataluniako Parlamentuaren babesa lortu dezakeela uste duen orok dauka Gobernua osatzen saiatzeko eskubidea. Ildo horretan, uste du "akatsa" dela "joko" horren onuradun izan direnen aldetik balizko gobernu horren zilegitasuna ukatzea.

Atzo, Juntsen buruzagiak iragarri zuen Kataluniako Gobernuko presidente izateko aurkeztuko dela uste baitu PSCk baino aukera gehiago izango lituzkeela bigarren bozketan inbestidura lortzeko.

PSCk irabazi zituen pasa den igandeko Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak, 42 eserlekurekin. Junts izan zen bigarrena, 35 ordezkarirekin eta ERC hirugarrena, 20rekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia egoera politikoa Politika albisteak Hautagaiak gaur Albisteak Gaur Albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur Puigdemont azken albisteak Junts per Catalunya gaur