Politika -

Hauteskundeak Katalunian

ERCk "datozen asteetan" erabakiko ditu Kataluniako hauteskunde emaitzen ondoren eman beharreko pausoak

Alderdi errepublikanoak alternatiba bat proposatzeko deia egin die Kataluniako Gobernua "inpugnatu" zuten alderdiei. Bitartean, Oriol Junqueras ERCko presidenteak alderdiaren lidergoa berresteko hautagaitza aurkeztu du.

Pere Aragones, politikaren lehen lerroa utziko duela iragartzeko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Pere Aragones, politikaren lehen lerroa utziko duela iragartzeko prentsaurrekoan
Pere Aragones, politikaren lehen lerroa utziko duela iragartzeko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ERCren zuzendaritzak datozen egunetan erabakiko du iragan igandeko hauteskunde emaitzen ondotik zer pauso emango dituen. Alderdi errepublikanoa hirugarren indarra izan da maiatzaren 12ko hauteskundeetan, 20 eserlekurekin eta 13 ordezkari galduta, PSCren (42 eserleku) eta Juntsen atzetik (35 eserleku).

Zuzendaritzak gaur goizean zabaldutako ohar batean nabarmendu duenez, hurrengo legegintzaldian oposizioan egongo dira, Pere Aragonesek hauteskunde gauean aurreratu eta atzo berretsi bezala. Halaber, alternatiba bat proposatzeko deia egin die Kataluniako Gobernua "inpugnatu" zuten alderdiei. 

Bestalde, ERCk eskerrak eman dizkie Pere Aragones Generalitateko jarduneko presidenteari eta hark buru duen gobernuari, egindako lanagatik eta izandako dedikazioagatik. Zehazki, "errepresioarekin amaitu" izana eta politika sozial eta berdinzaleak aurrera atera izana aitortu die zuzendaritzak.

Junquerasek bere burua aurkeztu du ERCren lidergoa berresteko

Oriol Junqueras ERCko presidenteak alderdiaren buruzagitza berresteko hautagaitza aurkeztu du astearte honetan, M-12ko hauteskundeen ostean, herritarrei zabaldutako gutun batean: "Nire burua gai eta indartsu ikusten dut gure herriarentzat lanean jarraitzeko".

Hala, Junqueras alderdiaren esanetara jarri da, erakunde politikoaren "organo subirano gorenen bidez militantziak zehazten duen lekua" hartzeko, hau da, ezohiko kongresu bat egiteko, nahiz eta gogorarazi kargu publikorako gaitasunik gabe jarraitzen duela, eta, beraz, ezin dela hauteskundeetara aurkeztu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès argazkiak Kataluniako Ezker Errepublikanoaren albisteak Kataluniako Generalitatearen albisteak