Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Autogobernuari buruzko akordioa lortzeko "aukera" dagoela uste du Tejeriak, "aprobetxatu beharrekoa"
EAJren eta PSE-EEren arteko negoziazioak "diskretuak" izatea defendatu du Eusko Legebiltzarreko presidenteak. Halaber, Otxandianori erantzun dio behin akordioa lortzen dutenean hitz egingo dutela gainerako talde politikoekin.
O. A. | EiTB Media
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak euskal autogobernua berritzearen beharra azpimarratu du beste behin, berrautatua izan osteko lehen hitzaldian egin zuen bezala. Estatutu berriari lotuta, aprobetxatu beharreko akordiorako "aukera bat" eta nolabaiteko "prestutasuna" dagoela uste du. Ildo horretan, gogora ekarri du EAJk eta PSE-EEk "konpromisoa" hartua dutela euskal autogobernua eguneratzeko.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, EAJren eta PSE-EEren arteko negoziazioak "diskretuak" eta "pribatuak" izatea defendatu du Tejeriak. Horren esanetan, alderdi guztiek horrela egiten dituzte negoziazioak, baita EH Bilduk ere. Halaber, Pello Otxandianori (EH Bildu) erantzun dio behin akordioa lortutakoan hitz egingo dutela gainerako talde politikoekin. "Beti horrela egin izan da", gaineratu du.
Legebiltzarreko bulegoen banaketaren harira sortutako polemikaren harira, Tejeriak nabarmendu du orain arte ez dela arazorik izan. Are gehiago, Voxi gogora ekarri dio aurreko legegintzaldian ordezkari bakarra izanda 47 metro koadroko bulegoa zuela eta PPk eta Elkarrekin Podemos-IUk, seina ordezkarirekin, 95 metro koadro ingurukoak. "Horrekin dena esanda dago", adierazi du.
Azkenik, Tejeriak esan du oso litekeena dela lehendakari berriak Gernikako Juntetxean kargua hartzeko ekitaldia ekainaren 22an izatea. Dena den, datorren osteguneko osoko bilkuran iragarriko dute noiz izango den Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatzeko inbestidura ekitaldia.