Politika -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Inbestidura saioa ekainaren 20an izango da, Tejeriak baieztatu duenez
Hilaren 14ra arte egon da hautagaitzak aurkezteko epea. Hurrengo lehendakariaren kargu hartze ekitaldia, bestalde, ekainaren 22an egingo dute Gernika-Lumon.
Agentziak | EITB MEDIA
Heldu da baieztapena. Hurrengo lehendakaria izendatzeko inbestidura saioa ekainaren 20an izango da (09:30etik aurrera), Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak jakinarazi duenez.
Lehendakarigaiek hilaren 14ra arte (12:00) izango dute hautagaitzak aurkezteko epea, zehaztu duenez.
Bateraezintasun Batzordeak emandako irizpena onartzeko osoko bilkuraren amaieran egin du baieztapena Tejeriak. Hala, aurreratutakoari jarraiki, hurrengo lehendakariak kargua hartzeko ekitaldia ekainaren 22an egingo dute, Gernika-Lumoko arbolaren aurrean.
Biak ala biak aurretik ezagutzen ziren datak ziren, izan ere, asteartean hala aurreratu zien Tejeriak berak Legebiltzarreko Mahaiko gainerako kideei.
Ezusterik ezean, Imanol Pradales hautagai jeltzalea izendatuko dute lehendakari, EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa (39 boto) baitute ganberan. Oraindik baieztatzeke dagoena da Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak inbestidurarako hautagai ote den.