Politika -
Eztabaida
Europako hautagaien aurrez-aurrekoa, ultraeskuinaren parte-hartzerik gabe, baina oso presente eztabaidan
Ursula von der Leyen popularrak, Nicolas Schmit sozialdemokratak, Sandro Gozi liberalak, Terry Reintke "berdeak" eta Walter Baier ezkertiarrak hartu dute parte. Von der Leyenek esan du Meloni "Europaren aldekoa" dela eta berarekin egingo duela lan hurrengo legegintzaldian.
Agentziak | EITB Media
Europako bost alderdi politiko nagusiren zerrendaburuek euren proposamenak eta diagnostikoak aurrez-aurre jarri dituzte ostegun honetan Europako Parlamenturako hauteskundeen aurreko azken eztabaida handian. Bertan ez da izan eskuin muturreko hautagairik, ezta ultrakontserbadorerik ere.
Ursula von der Leyen popularrak, Nicolas Schmit sozialdemokratak, Sandro Gozi liberalak, Terry Reintke "berdeak" eta Walter Baier ezkertiarrak hartu dute parte.
Von der Leyenek esan du Giorgia Meloni (ultraeskuindarra) Italiako lehen ministroa "Europaren aldekoa" dela. Hala, Ukrainaren eta Zuzenbide Estatuaren alde agertuz gero, hurrengo legegintzaldian berarekin lan egingo duela baieztatu du.
Schmitek kolaboraziorako sozialisten "lerro gorria" Kontserbadoreen eta Erreformisten eta Identitatearen eta Demokraziaren eskuin muturreko taldeetara hurbiltzea izango dela ohartarazi dio Von der Leyeni, ez baititu "indar demokratikotzat" jotzen.
Bestalde, orain Vox eta Giorgia Meloniren Hermanos de Italia ultraeskuindarra sartu diren Europako Kontserbadore eta Erreformisten Taldearekin (ECR) ituna egiteko "prest egotea" kritikatu du Gozik. "Europaren aurka daude, Europa barrutik desegin nahi dute eta horri aurre egin behar zaio", adierazi du.
Halaber, Berdeen hautagaiak popularrek kontserbadoreekin eta erreformistekin lan egiten badute "Itun Berde osoa baliogabetuko" litzatekeela ohartarazi du, eta hori "etorkizuneko belaunaldientzat hondamendia" izango litzatekeela. Reintkek "seinale argia" emateko eskatu die liberalei, eta PVV bere talde parlamentariotik botatzeko.
Ildo beretik, Baierrek diskurtso populistak "indargabetzeko" modua "eskuin muturraren agenda eta argudioak diskurtso publikotik kanpo uztea" dela adierazi du.