Politika -
Donostian
Urquijok presoen inguruko dokumentala emititzea debekatzeko eskatu du
Dokumentala Donostiako Victoria Eugenia antzokian proiektatuko dute arratsalde honetan. Bertan, ETAko bi presoren eta Segi, Egunkaria eta Egin auzietako beste hiruren "giza istorioa" azaltzen dute.
Erredakzioa
Barrura begiratzeko leihoak ETAko presoen inguruko dokumentala emititzea debekatzeko eskatu dio Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak Javier Zaragoza Auzitegi Nazionaleko fiskal buruari.
Dokumentala Donostiako Victoria Eugenia antzokian proiektatuko dute gaur arratsaldean. Bertan, ETAko bi presoren eta Segi, Egunkaria eta Egin auzietako beste hiruren "giza istorioa" azaltzen dute.
Zinez ekoiztetxeko ordezkariak Donostiako Udalak onartutako 9.000 euroko diru-laguntzari uko egin zion bere egunean, dokumentalaren inguruan piztu zen polemikagatik; izan ere, finantzatuz gero, Bildu legez kanpo uzteko aukera egon zitekeela ohartarazi zuten.
Dokumentala emititzea debekatzeko gutuna bidali die Carlos Urquijok fiskal buruari eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari.
Gutun horretan, dokumentala proiektatzeak terrorismoaren biktimen inguruko legeak (bai Espainiako legea bai EAEkoa) urratzea ekar dezakeela ohartarazi du Urquijok.
Horrez gain, Victoria Eugenia antzokia proiekzio horretarako erabiltzeak lege horretan aurreikusitako hainbat puntu urratuko lituzkeela azpimarratu du Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak.