Politika -
Frantzia
Villepin lehen ministro ohia atxilotu dute, ustelkeria egotzita
Iruzur egiteagatik espetxean dagoen enpresaburu batekin zer-nolako loturak zituen ikertzen ari da Jendarmeria.
Erredakzioa
Frantziako Poliziak Dominique de Villepin lehen ministro ohia atxilotu du gaur, ustelkeria auzi batean galdekatzeko, Le Monde egunkariak jakinarazi duenez.
Hain zuzen ere, Relais & Chateaux luxuzko hotelen eta jatetxeen elkarteari presioak egin zizkion susmoa daukate poliziek, Regis Brulot elkarte horretako presidente ohiaren alde.
Susmoak 2010ean epaileak agindutako entzuketa batzuetan sortu ziren. Horietan, bazirudien Jacques Chirac presidentearekin 2002 eta 2007 urteen artean lehen ministro izandakoak mehatxu egin ziola elkarteko zuzendaritzari, Bruloti buruzko informazio konprometigarriak ez publikatzeko.
Jendarmeak eta auziko epailea Regis Bruloten agintaldian hainbat pertsonari mesede irregularrak egin zizkieten ere aztertzen ari dira.
Brulot espetxean dago iazko azarotik, iruzur egitea eta konfiantza-abusua egotzita.
Le Monde egunkariaren arabera, auzian nahasita egon litezkeen pertsonen artean Alain Ducasse eta Joel Robuchon sukaldariak eta Xavier Darcos ministro ohia daude.