Politika -

Manifestazioa, arratsaldean

10.000 lagun elkartu ditu Diadaren ekitaldi instituzionalak

Pare bat dozena independentista inguruk iraindu egin dituzte Alicia Sanchez-Camacho Kataluniako PPren burua eta Pere Navarro PSCren idazkaria, Diadaren ekitaldi instituzionalaren aurretik.

Independentisten oihuak PPko eta PSCko buruzagien kontra, Diadan. Argazkia: EITB
Independentisten oihuak PPko eta PSCko buruzagien kontra, Diadan.
Kataluniak Diada eguna du gaur

01:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

10.000 pertsona inguru bildu ditu Kataluniako Gobernuak eta Parlamentuak Diadaren harira antolatu duten ekitaldi instituzionalak, Bartzelonako Ciutadella parkean.

11:30ean hasi da ekitaldia, eta ordubete inguru iraun du. Hala ere, ez da Diadako ekitaldi nagusia izango, zeren arratsalderako antolatu duten manifestazio independentistak ikusmin eta polemika handia sortu baitu.

Ekitaldi instituzionalaren buru izan dira Artur Mas Generalitatearen presidentea eta Nuria de Gispert Parlamentaren presidentea. Kataluniako agintarien eta pertsonaia ezagunen aurrean, hasieran Esquadra Mossoen desfilea egin dute, eta 'senyera' altxatu dute gero. Gironako Capmanyko Udalak eraman du aurtengoan 'senyera', suteek oso gogor jo duten udalerriak.

Ondoren, ekitaldi nagusia hasi da. Arte emanaldien segida izan da: testu eta olerki irakurketa, hainbat doinuz lagunduta, eta katalana guztia lotzeko ardatz gisa baliatuta.

Emanaldi horiek kultura kataluniarreko hainbat pertsona garrantzitsurekin lotutako zenbait efemeride omentzea izan dute helburu, besteak beste, Xavier Montsalvatge, Pere Calders, Tísner, Josep Vicens Foix, Manuel Blancafort eta Eduard Toldrà.

Istiluak

Pare bat dozena independentista inguruk Alicia Sanchez Camacho Kataluniako PPren buruaren eta Pere Navarro PSCren idazkariaren kontrako oihuak egin dituzte Diadaren ekitaldi instituzionalaren aurretik, Bartzelonako Ciutadella Parkean.

Camacho ekitaldia hasi aurretik kazetariekin hitz egiten ari zenean, buruzagi popularraren kontrako irainak entzuten hasi dira: "Faxista", "hil zaitezte", "aho handia", "iruzurgilea", "demagogo alaena", "lapurra" eta "lotsagabea" izan dira entzun diren irainetako batzuk.

Era berean, Navarrok ere entzun behar izan ditu irainak agintarientzat gordeta zegoen esparrura sartu den momentuan, parkean bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea