Politika -
EUSKARA
Euskarak Europan ofiziala izateko baldintzak betetzen dituela dioen txosten bat igorri dio Jaurlaritzak EBri
Besteak beste, Europan hizkuntza bat ofiziala izateko behar diren "azpiegiturak eta gaitasunak" euskarak badituela arrazoitzen da txostenean. Halaber, Euskalterm euskararen terminologia bankua Europako IATE bankuarekin lotzeko eskaera formal bat ere egin du Jaurlaritzak.
EITB MEDIA
Euskararen egungo egoerari buruzko txosten bat bidali dio Eusko Jaurlaritzak Europar Batasunari, euskarak Europan ofiziala izateko baldintzak betetzen dituela argudiatuz; hala, EAEn egun euskarak dituen baliabideak, azpiegiturak eta gaitasunak xehetzen dira agirian. 2022an Irlandako gaelikoaren ofizialtasunerako erabili ziren aurrebaldintzak oinarri hartuta osatu du dokumentua Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak.
Halaber, joan den hilean beste eskari formal bat igorri zuen Jaurlaritzak Europara, Euskalterm euskararen datu terminologikoen bankua IATE (Europarako Terminologia Interaktiboa) plataformarekin lotu dezatela eskatuz.
Olatz Garamendi (Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila) eta Bingen Zupiria (Kultura eta Hizkuntza Politika Saila) sailburuek izenpetu dituzte izapideok, eta azaldu dutenez, Espainiako Gobernura eta Europako beste hainbat erakundetara ere bidali dituzte eskariak.
Jaurlaritzaren arabera, "jarduera horiek EBko Ministroen Kontseiluaren esparruan iaztik egiten ari diren urratsen eta EBko erakundeetan euskararen, katalanaren eta galizieraren erabilerari buruz 2005ean lortutako akordioen barruan kokatzen dira".
"Urrats gehiago dira euskal erakundeek Europar Batasunean euskararen ofizialtasunean jarraitu beharreko ibilbidean. Euskararen aitortzak Europar Batasunaren etorkizunerako bidea markatuko luke, non aniztasuna nortasun ikur izan behar den. Ildo horretan, lanean jarraituko du euskararen ofizialtasuna errealitate izan dadin ekainaren 9ko hauteskundeen ondoren osatuko den Europako Parlamentu berrian", gehitu Jaurlaritzak.