Politika -
Auzitegi Nazionalean
Erregea hiltzen saiatu zen ETAko kideak ukatu egin du ihes saiakera
Jorge Garcia Sertutxa ETAko kidea, horren neska-laguna eta Iñaki Goyoaga abokatua epaituko ditu Auzitegi Nazionalak, ihesaldia prestatzea egotzita.
Erredakzioa
Jorge Garcia Sertutxa ETAko presoak, Ana Paz Cisneros bikotekideak eta Iñaki Goioaga abokatuak ukatu egin dute 2007ko udan, Huelvako espetxetik, Sertutxak ihes egiteko plana zutenik.
Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketako lehen saioan, Huelvako espetxetik ihesaldi bat prestatzea egozten dieten hiru akusatuek euren abokatuen galderak soilik erantzun dituzte.
Garcia Sertutxa 1995. urtetik dago espetxean erregea hiltzen saiatzegatik. Presoak ukatu egin du Huelvako espetxetik ihes egiten saiatu eta espetxean daramatzan 17 urteetan ETArekin harremanik izan izana.
Espetxetik ateratzeko sei urte falta zaizkiola adierazi du, eta hepatitis C kronikorako tratamendua jasotzen ari dela gaineratu du.
Ana Paz Cisnos bikotekidearen bidez ETArekin ez duela "inoiz" komunikaziorik izan eta Goioaga abokatuarekin soilik espetxeko gaiez mintzatu dela azpimarratu du.
Abokatuak ETAko kide izatea ukatu du eta ez dela talde terroristarekin elkarlanean aritu nabarmendu du. Halaber, bezeroari espetxean egindako bisitetan, "eskutitzak, dokumentuak edo informazioa" ematea ukatu du.
Bikotekideak ez duela ETArekin "inoiz" kolaboratu eta ez duela espetxetik "ezkutuan" oharrik atera adierazi du.
Ihesaldia
Fiskalak guztira 30 urteko espetxe-zigorra eskatu du: 16 urte eta 3 hilabete Goioagarentzat (talde armatuko kidea izateagatik, epaia urratzeagatik, bahiketa terroristagatik eta larderiaz egindako lapurretagatik), 6 urte eta 3 hilabeteko kartzela-zigorra Garcia Sertutxarentzat, eta 8 urte neska-lagunarentzat.
Fiskalaren arabera, Garcia Sertutxa kartzelatik ateratzeko helikoptero bat bahitzeko asmoa zuten. Ondoren, kable bat erabilita, Sertutxa espetxeko patiotik airez atera nahi zuten. Fiskalak azaldu duenez, ihesaldi hau ez zuten aurrera atera bertan parte hartuko zuen preso batek susmoak erakutsi zituelako. Ondorioz, plana bertan behera geratu zen 2008ko udan, "ihesaldia gauzatuko zuen taldearen desegiteak lagunduta".