Politika -
Berdintasun Ministerioa
Emakumeen Institutuko zuzendaria kargutik kendu dute, puntu moreen kontratuen polemikaren ostean
Isabel Garciak eta bere emazteak partekatzen dituzten enpresek 250.000 euro inguru fakturatu dituzte PSOEk gobernatutako udaletako 64 kontratu publiko lortu ondoren.
Agentziak | EITB Media
Estatuko gobernuko Berdintasun Ministerioak Isabel Garcia Sanchez Emakumeen Institutuko zuzendaria kargutik kendu du astearte honetan, berak eta bere bikotekideak puntu moreak kudeatzeko lortu dituzten kontratuei buruzko polemikaren ostean.
Duela sei egun jakin zen Isabel Garciak PSOEk gobernatutako udaletatik gutxienez 64 kontratu publiko jaso dituela eta esleipen horiekin 250.000 euro inguru fakturatu dituela. Elisabeth Garcia emaztearekin partekatzen dituen enpresen bidez lortu ditu kontratu horiek.
Garciak zazpi hilabete baino gutxiago eman ditu Emakumeen Institutuaren buru. Denbora tarte hori polemikaz beteta egon da trans legeari buruz emandako iritziengatik eta emaztearekin batera egindako enpresa-jarduerengatik.
Alderdi Popularrak, Podemosek eta Sumarrek (PSOEren bazkidea koalizio gobernuan) eskatu zuten bere kargugabetzea kontratuen berri jakin ostean.
Ministerioko iturrien arabera, Ana Redondo Berdintasun ministroak azalpenak eskatu zizkion eta "denbora" eman zion bere jardueraren xehetasun guztiak argitzeko.
Garciak, bere aldetik, emaztearen enpresetan izandako parte-hartzeetan legezkotasuna "zorrotz" betetzen zuela defendatu zuen. "Kontzientzia lasai daukat, gauzak ondo egin izanaren ziurtasuna daukat", esan zuen joan den astean ohar batean.