Politika -
Urte judizialaren hasiera
Fiskal nagusia: 'Zorrotz zainduko dugu Sortuk legea betetzea'
Estatuko Fiskal Nagusiak "ETAren jarraitzaileekin ez dugu tolerantziarik izango" ohartarazi du eta Sortuk Konstituzionalak ezarritakoa betetzen duen zainduko duela gaineratu du.
Erredakzioa
ETAren aurkako borrokan ez dutela "arreta jaitsiko" adierazi du Eduardo Torres-Dulce Estatuko Fiskal Nagusiak eta "zorrotz zainduko dugu legea betetzea" ohartarazi dio Sorturi. Halaber, "ETAren jarraitzaileekin eta ustelkeria ekonomikoarekin tolerantzia zero" izango dutela gaineratu du.
Ildo honetan, Ministerio Publikoak Sortuk Konstituzionalak ezarritakoa betetzen duen zainduko duela gaineratu du, eta elkarte eskubideak balio demokratikoen errespetua eskatzen duela adierazi du.
Urte judiziala abiatzeko ekitaldiko lehen diskurtsoan, "ez dugu ekintza terroristak goraipatzea edo terrorismoaren biktimekiko irainik onartuko", adierazi du fiskal nagusiak. Bertan, Gonzalo Moliner Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidente gisa estreinatu da, Carlos Divarrek kargua utzi ostean.
Molinerrek krisiari aurre egiteko adostasunaren aldeko deia egin die alderdi politikoei.
Lehentasunak terrorismoa eta ustelkeria izango direla gaineratu dute Fiskal Nagusiak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteak.
Urte judizialaren irekiera ekitaldian Fiskaltzaren memoriaren datuak eman dituzte, eta 2011. urtean kriminalizazioa egonkortu egin dela nabarmendu dute. Hala ere, delitu batzuek gora egiten dutela ohartarazi dute, besteak beste, funtzionario-eroskeria, influentzia-trafikoa, prebarikazioa edo diru publikoa bidegabe erabiltzea.