Politika -

Bihar, Kongresuan

Istiluen kontrako 1.300 agentek babestuko dute Kongresua

Irailaren 25ean Kongresuan protesta egiteko deia egiteagatik inputatutakoen abokatuek Gobernuaren Ordezkaritzak emandako baimena aurkeztu diote epaileari.

1.300 polizia izango dira bihar, Kongresuan. Argazkia: EFE
1.300 polizia izango dira bihar, Kongresuan. Argazkia: EFE
1.300 polizia izango dira bihar, Kongresuan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Istiluen kontrako 1.300 agentek babestuko dute Kongresua, bihar, hilak 25, eraikina inguratzeko deitu duten protestan.

Segurtasun plana astelehen gauean hasiko da eta hainbat segurtasun perimetro ezarriko dituzte Kongresuko ondoko kaleetan. Helburua, bertatik pasatuko diren pertsonen joan-etorria kontrolatzea da.

Antolatzaileek hainbat martxa deitu dituzte hiriburuko hainbat toki ezberdinetik. 18:00etan hasiko dira Puerta del Soletik, Neptunotik eta Cibeles plazatik. Bertatik, Gobernuaren dimisioa eta prozesu konstituziogilea hastea eskatuko dute.

Baimena aurkeztu dute

Joan den ostiralean, Madrileko Instrukzio Auzitegiak Auzitegi Nazionalari gertakariak ikertzeko eskatu ostean, Pedrazek zortzi pertsona inputatu zituen eta datorren urriaren 4rako deitu ditu.

Horien abokatuek Gobernuaren Ordezkaritzak emandako baimenaren kopia bat aurkeztu diote epaileari. Idatzi horren arabera, deialdia egin dutenek hainbat bilera eta martxa eta "bilkura orokor bat" egiteko baimena dute, baina Kongresutik gutxieneko distantzia batera izan beharko dute eta ezingo dute kanpaldi iraunkorra egin.

Ordezkaritzatik azaldu dutenez, irailaren 19an herritar batek deialdia egin duten gainerakoen izenean egindako eskariari eman zioten baimena. Hala ere, Irailak 25 eta Zutik taldeek (desobedientzia zibila bultzatu eta Kongresua inguratzeko martxa deitu dute) ez dutela baimenik nabarmendu dute.

Gobernuaren Ordezkaritzaren baimenaren arabera, bilkurak Espainia Plazan eta Atochan egin ahalko dituzte, 12:00ak eta 14:00ak bitartean, baina betiere oinezkoen aldean. Jende gehiegi batuz gero, berriz, "Segurtasun Indarrek beste leku batzuk egokituko dituzte".

Espainia Plazan eta Prado Pasealekuan ere bilerak edo "herri batzarrak" izango dira 14:00etatik 17:30era.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea