Politika -
Sorpresa
Preserbatibo bat aurkitu dute Legebiltzarreko areto batean, batzorde bati ekin baino lehen
Kondoia, erabilia itxuraz, Kultura, Euskara eta Kirola batzordeko aretoan azaldu da, lurrean. Legebiltzarreko langileek zaborrera bota dute. Aretoa ordu erdi lehenago garbitu dute, eta orduan ez zegoen halakorik.
Agentziak | EITB Media
Irribarrea ahoan, eta sakelakoa eskuan "aurkikuntza"ri argazkia ateratzeko; hala abiatu dute jarduna hainbat legebiltzarkidek. Izan ere, preserbatibo bat aurkitu dute Eusko Legebiltzarreko areto batean, lurrean. Kondoia zorrotik kanpo eta korapilo batekin itxia zegoen, erabilita-edo.
Pasadizoa 09:30 baino lehen jazo da Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirola batzordeko aretoan. Ibone Bengoetxea sailburuak hurrengo lau urteotako Sailak dituen erronken berri eman behar zuen.
Agerraldia hasi baino lehen, lurrean kondoia zegoela konturatu dira bertaratutako batzuk. Barreari ezin eutsita, sakelakoa atera dute preserbatiboari argazkia botatzeko. Handik gutxira, Legebiltzarreko langileek hura paper batekin jaso eta zaborretara bota dute.
EFE albiste agentziari Legebiltzarreko iturriek azaldu diotenez, batzordea hasi eta ordu erdi lehenago garbitu dute aretoa, eta orduan ez zegoen ezer lurrean. Hipotesien artean, broma bat izatea edo, garbiketa egin ostean, aretora sartu den pertsonaren bati poltsikotik jausi izana.