Politika -

Protesta eguna

Madrilgo manifestariak, Kongresutik 'hurbil'

Bi plataformek 18:00etan Kongresua "inguratzeko" deia egin dute, baina ehunka lagun daude Atocha eta Espainia Plazan dagoeneko.

1.350 agente poliziak babestuko dute Kongresua. EFE
1.350 agente poliziak babestuko dute Kongresua. EFE
Manifestariak Kongresua 'inguratzen' hasi dira jada

32:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herritarrek protesta egingo dute gaur Diputatuen Kongresuaren aurrean, Mariano Rajoyren Gobernuari dimititzea eta beste Konstituzio bat sortzea eskatzeko. Halaber, ekintza honekin, Behe Ganbera sinbolikoki "erreskatatu" nahi dute, "troikak eta finantzen merkatuek bahitu egin baitute, eta alderdi politiko gehienek hori babestu baitute".

Protesta 18:00etan egingo dute, baina eguerdiko 12:00etarako ehunka pertsona egon dira Atochan eta Espainia Plazan, murrizketen aurkako pankarta eta kamisetekin.

Espainiako gainerako hiriburuetatik bertaratutako manifestariek salatu dutenez, Polizia Nazionalak autobusak gelditu eta hainbat lagun identifikatu ditu. Batzuek miaketak jasan izana kritikatu dute.

Protesta, arratsaldeko 18:00etan

Protesta Coordinadora 25S eta ¡En Pie! plataformek deitu dute. Hain zuzen ere, arratsaldean Kongresua "inguratzeko" deia egin dute, hots, 18:00etan Ganberaren inguruan "herritarrek osatutako triangelu-formako gerriko bat" egitea dute helburu, eraikinaren barruan diputatuak osoko bilkura egiten ari diren bitartean.

Antolatzaileek argi utzi nahi izan dute ez dutela Kongresua "okupatu" nahi, "inguratu" baizik. Horrenbestez, ez dute diputatuen joan-etorria galaraziko, eta ez dira osoko bilkura eteten saiatuko.

Poliziak blindatu egin du Behe Ganbera: istiluen aurkako 1.350 agente bertaratuko dira, guztira. Operazioa bart jarri dute martxan.

Eguneko protesta nagusia 18:00etan egingo dute, baina, aldez aurretik ere, hainbat elkarretaratze eta mobilizazio egingo dituzte. Adibidez, 12:00etan, harrera egingo diete, Espainiako Plazan, Estatuko beste puntuetatik joandako manifestariei.

Sustatzaileen asmoa ez da Kongresuaren aurrean kanpatzea, 'suminduen' beste hainbat protestatan egin bezala, baina gaurko ekintza beste hainbat mobilizazio egiteko "abiapuntua" izatea espero dute.

Antolatzaileek ez diote baimena eskatu Espainiako Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzari, protesta "desobedientzia zibileko" ekintza gisa prestatu baitute. Ordezkaritzak elkarretaratze batzuk baimendu ditu, herritar batek eskatuta, baina ez, ordea, 18:00etan Kongresura joateko martxak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea