Politika -

Hauteskunde-aurrerapena

Masek hauteskundeak aurreratuko ditu Katalunian

Generalitatearen presidenteak mezu horixe helarazi die Gobernuko kontseilariei. Azaroaren 25a eta abenduaren 2a aipatzen dira hauteskundeak egiteko data posible gisa.

Artur Mas Generalitatearen presidentea. Argazkia: Efe
Artur Mas Generalitatearen presidentea.
Artur Mas Generalitatearen presidentea. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitatearen presidenteak hauteskundeak aurreratuko dituela jakinarazi die Gobernuko kontseilariei, Efe albiste-agentziak Gobernuko iturriak aipatuta zabaldu duenez.

Masek Gobernuaren astearteroko bileran eman du erabakiaren berri, Parlamentuan politika orokorreko eztabaida hasi baino ordu batzuk lehenago. Litekeena da osoko-bilkura horretan iragartzea ofizialki hauteskunde-aurrerapena.

Azaroaren 25a eta abenduaren 2a aipatzen dira hauteskundeak egiteko data posible gisa, aipatu iturrien esanetan.

Hauteskundeak aurreratzearen hipotesiak joan den irailaren 20an indarra hartu zuen, izan ere, zerga itunaren aurkako erantzuna jaso zuen Masek Rajoyrekin izan zuen bileran, eta CIUk legegintzaldiaren hasieran aipatu zuen euren helburua itun hori zela.

Lortu ezean, hauteskundeak aurreratzeko aukera aditzera eman zuen eta era honetan, Kataluniaren Estatu propioaren aldarrikapena sartuko lukeen bidea irekiko zuela. Aldarrikapena hauteskunde egitarauan sartuko lukeela iragarri zuen Katalunia Espainian ondo egokitzen ez dela argudiatuta.

Halaber, jakina zen Masen Gobernuak 2013rako aurrekontuak aurrera ateratzeko zailtasunak izango dituela. Legegintzaldiko lehen bi urteetan PPCren babesa jaso zuten, beste alderdi guztiek murrizketen kontra gogor egin baitzuten. Baina, egungo testuinguruan, CIUren eta Mariano Rajoyren arteko tira-birak adostasun hori berritzea ezinezko egiten dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea