Politika -
Frantzia
Zortzi urteko kartzela-zigorra, Zuhaitz Urresti ETAko kidearentzat
Frantziako justiziak zortzi urteko kartzela-zigorra ezarri dio Errastiri, besteak beste, ETAren aparatu militarraren logistika egituran parte hartzea leporatuta.
Erredakzioa
Frantziako Justiziak zortzi urteko kartzela-zigorra ezarri dio Zuhaitz Errasti (31 urte ditu) ETAko kideari, besteak beste, ETAren aparatu militarreko egitura logistikoan parte hartzea leporatuta.
Pariseko Auzitegiak Errasti behin betiko Frantziatik kanporatzea agindu du eta 7.000 euroko kalte-ordaina jarri dio taldeak lapurtutako eta hark erabilitako hiru autoengatik.
Dominique Piot auzitegiko presidenteak epaia irakurtzean azaldu duenez, Errasti leporatu dizkioten 21 karguen erruduna da, besteak beste, ETAko kidea izatearena.
Halaber, armak eta lehergailuak eramatea, autoak lapurtzea eta matrikula faltsuak edota faltsututako agiriak erabiltzea leporatu diote.
ETAko kideak lau urteko kartzela-zigorra bete zuen Frantzian, eta 2008ko azaroan amaitu zuen hori. Azkeneko aldiz 2009ko urriaren 26an atxilotu zuten, Viennen, Frantzia ekialdean, autoan matxura bat zuelako.
Ludovic Lestel fiskalak 12 urteko kartzela-zigorra eskatu du Errastirentzat, eta zalantzak azaldu ditu ETAk jarduera armatua behin betiko utzi izanaren inguruan.