Politika -
Bilduren proposamena
Independentziaren aldeko mozio bat onartu du Gipuzkoak
Independentziaren aldeko mozio bat onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran, Bildu eta Aralarren botoekin. EAJ abstenitu egin da, eta PPk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute.
Erredakzioa
Bildu eta Aralarren botoekin, independentziaren aldeko mozio bat onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran. EAJ abstenitu egin da, eta PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu dute. Batzar Nagusietako osoko bilkurako bigarren saioan onartu dute mozioa.
Eider Mendoza EAJren bozeramaileak azaldu duenez, mozioa onartzeko asmoa zuen Euzko Alderdi Jeltzaleak, baina, Idoia Ormazabal Bilduren bozeramaileak eginiko adierazpen batzuk direla eta, abstenitzea erabaki dute.
Ormazabalek Jose Antonio Agirre lehendakariaren eredua erabili du, eta horrek jeltzaleen haserrea eragin du. EAJren bozeramaileak gogor kritikatu ditu hitz horiek, eta, Bilduk proposatutako mozioaren harian, EAJk ez diola ez Bilduri ez Garitanori horrelako bide orri bat gidatzeko gaitasunik aitortzen esan du.
Urtarrilean Garitanoren aurkako mozioa aurkezteko proposamena egin dio, beste behin, Eneko Andueza PSE-EEko bozeramaileak; izan ere, Anduezaren ustez, "Bilduk agintzen jarraitzen duen bitartean, Gipuzkoa hondatzen joango da", eta lurraldea "Borjako Ecce Homoa" bezala utziko dutela esan du.
PPk ere onartutako mozioaren aurka egin du; izan ere, horien ordezkariak, Iñigo Manriquek, azaldu duenez, "subiranotasunak ez die gipuzkoarrei jaten emango".