Politika -
Pokemon operazioa
Ourenseko alkateak dimisioa aurkeztu du
Francisco Rodriguez alkate sozialistak karguari uko egin dio, Udaleko zinegotzien konfiantzarik ez duela jakin ostean.
Erredakzioa
Francisco Rodriguez Ourenseko alkateak dimisioa aurkeztu du gaur goizean. Prentsaurrekoan esan duenez, dimisioak ez du zerikusirik “irekita dagoen Pokemon operazioarekin”, “ezta egozten dizkidaten salaketa faltsuekin ere”, eta babes politiko faltak eragin duela gaineratu du.
“(Igandean) esan nuen ez nuela nire karguan minutu bat gehiago jarraituko Udalaren egonkortasuna bermatzeko nahikoa babes politiko ez banuen”, esan du Rodriguez sozialistak.
Orain arte udal-gobernua osatzen duten zinegotzi guztien babesik ez duela egiaztatu ostean aurkeztu du dimisioa, “herriaren eta herritarren gobernagarritasuna bermatzeko”.
Rodriguez sozialistak datorren larunbateko edo asteleheneko ezohiko osoko bilkuran egingo dio uko alkatetzari, eta alkateordeak izendatuko dituzte. Alkateorde horiek alkate berria aukeratzeko osoko bilkura deituko dute. Galiziako Alderdi Sozialistaren arabera, Agustin Fernandez edo Marga Martin zinegotziak izango da Ourenseko alkate berria.
Dimisioa aurkeztu duen bigarren politikariaPokemon operazioaren ondorioz dimisioa aurkezten duen bigarren politikaria da Ourenseko alkatea; izan ere, gaur goizean, Pilar de Lara BNGko zinegotziak uko egin dio bere aktari.