Politika -
'Inguratu Kongresua' ekimena
Aske utzi dituzte, karguekin larunbatean atxilotutako bi manifestariak
Igandean irten ziren epaitegitik, eta desordena publikoa eta lesioak eragitea egotzi diete.
Erredakzioa
Espainiako Diputatuen Kongresuaren inguruetan larunbatean izandako istiluetan atxilotutako bi manifestariak aske gelditu ziren, karguekin, igandean. Desordena publikoa eta lesioak eragitea egotzi diete atxilotuei, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez.
Atxilotuek polizia nazionalen galderei erantzun zieten igande goizean, eta, arratsaldean, Castilla plazako 26. zenbakiko epaitegira eraman zituzten. Asteazkeneko kontzentrazioetan atxilotutako manifestariak ere aske utzi zituzten, ostegunean, karguekin.
Madrilgo 12 eta 26 zenbakietako instrukzio epaitegiek ez dute eskatu atxilotuak Castilla plazako 8 zenbakiko instrukzio epaitegiak irekitako auzira gehitzea. Aurrez, Diputatuen Kongresuaren inguruetan gertatuko istiluetan 35 pertsona atxilotu zituzten, Estatuaren kontrako delituak egotzita.
Auzitegi NazionalaAsteartean atxilotutako 35 manifestariak Castilla plazako instrukzio epaitegira eraman zituzten, eta ez Auzitegi Nazionalera. 8 zenbakiko instrukzio epaitegiko epailearen iritziz, ordea, Auzitegi Nazionalari dagokio atxilotuen auzia.
Irailaren 25ean, Diputatuen Kongresuan osoko bilkura zegoen egun berean, Kongresuaren atarian egindako protestaren helburua “Diputatuen kargu gabetzea eskatzea eta egungo erregimenarekin amaitzea zen”, epailearen iritziz. Estatuaren aurkako delituak egotzi diete atxilotuei eta, horregatik, auzia Auzitegi Nazionalari dagokiola uste du.