Politika -
Erabakia
Gipuzkoako Aldundiak euskaraz egingo ditu agerraldi publiko guztiak
Larraitz Ugarte Aldundiko bozeramaileak azaldu duenez, euskarari "lehentasuna" ematea da erabaki honen xedea.
Erredakzioa
Gipuzkoako Aldundiak (Bildu) euskara hutsean egingo ditu hemendik aurrera komunikabideen aurreko agerraldi publikoak Larraitz Ugarte Aldundiko bozeramaileak azaldu duenez. Erabakia "legeari helduta" hartu dutela esan du, "gipuzkoarren hizkuntza eskubideak bermatzeko". Zigor Etxaburua Aldundiko Euskara zuzendariarekin eta Aitziber Iartza komunikazio arduradunarekin batera azaldu du erabakia. Azken honek Marian Beitialarrangoitiaren lekukoa hartu du, EH Bilduko zerrendetan sartu baita Aldundiko komunikazio arduradun ohia.
Iartzak azaldu duenez, neurri honekin euskarari "lehentasuna" eman nahi diote, izan ere, orain arte erabilitako formularekin, "komunikabideetan, beti, gaztelerazko bertsioa eman ohi da".
"Ez da gaztelera gure agerraldietan desagertuko, aldibereko itzulpena egongo baita, eta zati batzuk gazteleraz egin daitezke", azaldu du, eta prentsa oharrak bi hizkuntzetan izango direla gaineratu du.
Bi hizkuntzen ofizialtasuna aintzat hartu eta kontrako erreakzioen beldur ote den galdetuta, hemendik aurrera "gipuzkoar guztien hizkuntza eskubideak bermatuko dira", esan du. Orain arte "euskal hiztunenak urratu egin dira", azaldu du. "Legeari helduta hartu dugu erabakia".
Adibide gisa, AEBen kasua aipatu du; "Barak Obamak ingelesez soilik hitz egiten du prentsaren aurrean eta bere mezuak gipuzkoar guztiengana iristen dira, ulertzeko adina ingeles maila izan ez arren".