Politika -
Katalunia Plazan
Independentziaren aurkako milaka pertsona batu dira Bartzelonan
Katalanak eta espainiarrak sentitzen diren manifestariak Bartzelonako Katalunia Plazan manifestatu dira, "Espainia eta Kataluniako Hiritarren Mugimendua"k deituta.
Erredakzioa
Milaka pertsona, 6.000 Udaltzaingoaren arabera, Bartzelonako Katalunia plazan batu dira larunbat eguerdian Espainiaren batasunaren aldeko manifestazioan. Ekitaldian zehar Espainiako eta Kataluniako bandera ugari ikusi ahal izan dira.
Katalanak eta espainiarrak sentitzen diren manifestariak Bartzelonako Katalunia Plazan manifestatu dira, “Espainia eta Kataluniako Hiritarren Mugimendua”k deituta. “Katalunia guztiok gara” lemapean, hain justu espainiar batasunaren aldeko egunean egin nahi izan dute manifestazioa, azken boladan hazi den independentziaren aldeko aldarriari aurre egiteko asmoz.
“Katalunia Espainia da”, “Espainiarra naiz”, “Ni ere katalana naiz”, edota “Askatasuna, askatasuna” bezalako oihuak izan dira entzungai goiz osoan zehar.
“Visca Espainia eta Visca Catalunya!”
Ekitaldiaren momentu garrantzitsuena katalanez, espainiarrez eta ingelesez irakurri duten manifestuaren unea izan da. Irakurketa ekitaldia deitu duen kolektiboaren hainbat kidek egin dute, eta bertan “orain arte kalera irten ez diren katalanen eskubideak errespeta daitezen” eskatu dute.
PPren hainbat kide, ekitaldian
Partaideen artean, besteak beste, Kataluniako PPren ordezkaritza nabarmendu da. Alicia Sanchez-Camacho alderdi horren Kataluniako presidenteaz gain, ‘Parlament’eko diputatu guztiak bertaratu dira. Horrez gain, Badalona edo Castelldefelseko alkateak, Santiago Fisas eurodiputatua edota Espainiako beste erkidegoetako hainbat ordezkari bildu dira.
Albert Rivera Ciutadans alderdiko buruzagia eta Joseph Anglada Plataforma per Catalunyako presidenteak hartu dute parte ere.