Politika -

Erreakzioak

Alderdi eta erakundeen erreakzioak Estrasburgoko epaiaren aurrean

Estrasburgoko Auzitegiak kondena ezarri dio Espainiari Martxelo Otamendi kazetariak salatutako torturak ez ikertzeagatik.

Espainia kondenatu dute, Otamendiren tortura salaketa ez ikertzeagatik

01:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritza

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako ordezkariak delitu guztiak, "torturak barne", ikertuak izan behar direla defendatu du, eta Estrasburgeko Auzitegiak Espainiari ezarritako zigorrak ez duela "ezer berririk" nabarmendu du, "Auzitegi Nazionaleko hainbat epailek tortura delituak ikertu ez zirela azpimarratu baitzuten beren epaietan".

Gobernu Kontseilua bukatu ostean egindako agerraldian, Mendiak Europako Giza-Eskubideen Auzitegia "europarron eskubideak defendatzeko" sortua izan zela aipatu du, eta bere ustez, "epai honekin funtzio hori bete egin da".

Gipuzkoako Foru Aldundia

Larraitz Ugarte Gipuzkoako Diputazioako ordezkariak "Europak Espainiari kargu hartzeko deia" oso ondo iruditu zaiola azaldu du, "zoritxarrez oso ohikoa baita tortura kasuak ez ikertzea".

"Uste dugu Europak herrialde honetako aldarri bati oniritzia eman diola, hemen oso hedatua baitago torturak egon badaudela, baina ez direla ikertzen", gaineratu du.

EAJ

Josu Erkoreka EAJko Kongresuko ordezkariak "Estatu espainiarreko Gobernu ezberdinek erabili dituzten terrorismoaren aurkako politikek oinarrizko eskubideak urratu dituztela" argitu du.

Parlamentuko pasilloetan, ordezkari jeltzaleak gaur kaleratutako sententzia ez dela azkenaldian irten den epai bakarra izan nabarmendu du.

PSOE

Aralar

Aralarren ustez, Espainiaren aurkako kondena "jurisdikzio normalkuntzan beste aurrerapauso bat da".

Alderdi abertzalearentzat, "epai hori, Parot doktrinarenarekin batera, Euskal Herrian bizi izan den gatazkaren ondorioen normalizazioan aurrerapauso bat da, eta normalkuntza horrek beste arlo guztietan eragina izan beharko luke".

UPyD

Carlos Martinez Gorriaran UPyDko Kongresuko bozeramaile-ordeak uste du Europako epai horrek horrelako salaketak beti ikertu behar direla erakusten duela.

Kongresuan eginiko adierazpenetan, UPyDko ordezkariak bere alderdiak horrelako salaketak ikertzearen alde dagoela azaldu du. "Horrelako salaketak ezin dira kaxetan sartu, bestela horrelako gauzak gertatzen dira eta. Azkenean, gureak baino serioagoak diren auzitegiek kode penalek ezartzen dutena betearaztera derrigortzen baitgaituzte", salatu du.

Ezker Abertzalea

Pernando Barrena Ezker Abertzaleko ordezkariaren ustez, berriz, "epaiak Espainian tortura sistematikoki erabili dela utzi du agerian, eta ez da soilik beroaldi bakar batzuen ondorioz gertatzen", azaldu du.

"Espero dugu Otamendiri ordainduko dizkioten 24.00 euroek pasatako infernua konpentsatzen lagundu diezaiotela", gaineratu du.

EA

Eusko Alkartasunak pozik hartu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaia, eta tortura sistematikoki erabiltzea "Espainiaren egiturazko arazoa da", gaineratu du. Hori dela eta, epaiak gai horren inguruan hausnarketa egiteko eta Espainian torturaren erabilerarekin amaitzeko balio dezala eskatu du.

Amnistia Internazional

Esteban Beltran Amnistia Internazionaleko Espainiako zuzendariak ere tortura kasuen ikerketa falta azpimarratu du. Beltranen arabera, tortura kasuen ikerketan dagoen hutsunea betetzen ari da Estrasburgo, eta horregatik, azken lau hilabeteetan gai honen inguruko hiru sententzia atera ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea