Politika -
Errepideetako kartelak
Frantzia Baionagatik ordezkatu du seinaleetan Gipuzkoako Aldundiak
Aldaketa honekin “Europako irizpideetara egokitzea” eta “gipuzkoarren iritzia hobeto islatzea” bilatu nahi dute.
Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak errepideetako kartel informatiboetan Frantzia aipatzen duten adierazleak Baionagatik ordezkatu ditu. Aldaketa honekin “Europako irizpideetara egokitzea” eta “gipuzkoarren iritzia hobeto islatzea” bilatu nahi dute.
Aldundiaren arabera, aldaketa honek 28 seinaleri eragin die, N-1, N-121, GI-636, GI-20 eta inguruko hainbat errepideetan. Orain arte Frantzia norabidea ikusten zen karteletan Baiona norabidea ezarri dute. Aldaketa hau, Aldundiak esan duenez, “Europako irizpideetara egokitu da”, herrialdeka jarrita adierazlea, “eta ez Estatuka”.
Bidegik kudeatzen dituen errepideetan, AP-8 eta AP-1 autobideetan, bederatzi seinale aldatuko dira, horietan “Frantzia” “Baiona”gatik eta “Burdeaux”egatik (Bordele).
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundia bide-seinaleak jartzen hasi da Lapurdiren eta Gipuzkoaren arteko mugan, hain zuzen ere, Santiagoko, Behobiako eta Biriatuko zubietan. Gipuzkoako noranzkoan “Gipuzkoa” dioen seinalean jarriko dute, eta kontrako noranzkoan, “Lapurdi” dioen beste bat.
Santiagoko zubiko seinalea gaur bertan jarriko dute, eta, gainerakoak, datozen egunetan. Horrela, Gipuzkoarekin muga egiten duten lurralde guztiak behar bezala adierazita egongo dira, orain arte, seinaleak zeuden Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako mugan. “Beraz, irizpideak bateratu dira”, ohar bidez jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak.