Politika -

Zigorra Otegirentzat

Logroñoko kartzelak ez du EH Bilduk idatzitako gutuna jaso nahi izan

Espetxearen sarreran dagoen postuan entregatu nahi izan dute eskutitza, baina ez zietela jasoko erantzun diete. Hori dela eta, Logroño hirira joan dira, mezularitza enpresa baten bitartez bidaltzeko.

EH Bilduko ordezkariak Logroñoko kartzela aurrean. Argazkia: Efe
EH Bilduko ordezkariak Logroñoko kartzela aurrean.
EH Bilduko ordezkariak Logroñoko kartzela aurrean. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Logroñoko kartzelak ez du EH Bildu koalizioak presondegiko zuzendariari Otegiren zigorra bertan behera uzteko idatzitako eskutitza jaso izan nahi. Neurri hori ezker abertzaleko buruzagiak koalizioaren ekitaldi batean parte hartu ostean ezarri zioten.

Horrela azaldu die kazetariei espetxera joandakoen ordezkari gisa aritu den Pernando Barrenak. Azaldu duenez, eskutitza eskura emateko intentziorarekin bertaratu dira, "baina ez da posible izan ez dutelako jaso nahi izan".

Espetxearen sarreran dagoen postuan entregatu nahi izan dute eskutitza, baina ez zietela jasoko erantzun diete. Hori dela eta, Logroño hirira joan dira, mezularitza enpresa baten bitartez bidaltzeko asmoz.

Ostiral honetan Iruñean datatutako eskutitza Unai Ziarretak (Eusko Alkartasuna), Pernando Barrenak (ezker abertzalea), Amaia Agirresarobek (Alternatiba) eta Rebeka Uberak (Aralar) sinatu dute.

"Ez dago eskubiderik"

Kazetariei helarazitako eskutiz horretan, Otegiri ezarritako zigorra gogor kritikatu du EH Bilduk. Ezker abertzaleko buruzagiak koalizioak joan den urriaren 13an Barakaldon eginiko ekitaldian parte hartu zuen telefono dei baten bitartez. "Ez dago eskubiderik, eta efektu gabe utzi beharko litzateke", ohartarazi dute gutunean.

Barrenaren ustez, "legezkoa den koalizio baten ekitaldi batean parte hartzea guztiz legala da, eta ez dago argudiorik horrexegatik zigor bat ezartzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea