Politika -
Izendapena
Iñigo Allik hartuko du Pejenauteren kontseilari kargua
Nafarroako Kutxako langile ohia da eta datozen orduetan izendatuko dute. Barcinak, dagoeneko, hiru kontseilari izendatu ditu Gizarte Politika departamentuan.
Erredakzioa
Iñigo Alli egungo Nafarroako Gizarte Politikarako eta Kontsumorako zuzendariak hartuko du gaur Jesus Pejenauteren Gizarte Politika kontseilari kargua. Pejenautek dimisioa eman zuen Kontuz! elkarteak ustezko diru zuriketa kasu batean parte hartu zuela salatu ondoren.
Diario de Navarrak aurreratu duenez, Nafarroako Kutxako 39 urteko langile ohiak datozen orduetan hartuko du kargua ofizialki, eta Barcinak izendatzen duen Gizarte Politikarako hirugarren kontseilaria izango da.
Nafarroako Gobernuko iturriek baieztatu dute izendapena gaur bertan izango dela.
Pejenautek igandean aurkeztu zuen dimisioa, Kontuz! Nafarroako Erabiltzaileen, Kontsumitzaileen eta Zergadunen Elkarteak Nafarroako Kutxan izandako 180.000 euroko diru-zuriketa operazio batean parte hartu zuela salatu eta bi egunera.
Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politikoek gogo onez hartu zuten Pejenauteren dimisioa, eta Barcinari berehala azalpenak emateko eskatu zioten.