Politika -

Senatua

Rajoy: 'Inork ez dit erreferendumik eskatu eta ezin dut baimendu'

Gobernuko presidenteak Artur Mas Kataluniako presidentearekin hitz egiteko prest dagoela ere esan du, baina horretarako biek prest egon behar dutela adierazi du.

Mariano Rajoy Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak esan du inork erreferendumik eskatu ez diola eta baimentzeko ahalmenik ez duela. Horrez gain, Artur Mas Generalitateko presidenteak Kataluniarentzako kontzertu ekonomiko bat eskatu ziola azaldu du Rajoyk.

Montserrat Candini CiUren senatariak Gobernuak Erresuma Batuaren eta Eskoziaren arteko akordioari buruz duen iritzia galdetu dio presidenteari.

Jose Montilla Entesako bozeramaileak autonomia politikari eta lurralde batasunari buruzko balantzea egitea eskatu dio Rajoyri eta Gobernuko presidenteak Artur Mas Kataluniako presidentearekin hitz egiteko prest dagoela ere esan du, baina horretarako biek prest egon behar direla adierazi du.

Presidenteak bere ardura nagusiak defizita kontrolatzea, krisitik ateratzeko erreformak egitea eta enplegua sortzea direla esan du, baina lurralde politika alde batera utzi ez duela adierazi du. Horren adibide gisa, autonomien kontuak hobetzeko martxan jarri dituen finantzazio planak aipatu ditu.

Eskoziako erreferendumari buruz, Rajoyk esan du bere lana ez dela estatu subiranoek hartzen dituzten erabakiak eztabaidatzea. Hala ere, erreferendum hori Erresuma Batuko araudiaren arabera egingo dela azaldu du eta hori "zentzuzkoak eta demokratikoak diren herrialdeen jokaera da", presidentearen aburuz.

Katalunian erreferenduma egiteko prozedura zein den azaldu du Rajoyk: "Konstituzioa aldatzea, Espainiako Gorte Nagusiak desegitea, balizko hauteskundeetatik aterako litzatekeen Diputatuen Kongresuak erreforma onartzea, eta, azkenik, erreferenduma egitea. Hori guztia egin behar da, baina ez da hori Espainiako presidentearen eskumena".

Gobernuko presidenteak Katalunian hauteskundeak aurreratu izana kritikatu du, "agintari bati dagokion ardurari uko egitea baita", haren hitzetan. "Arazo bat bera ere konpondu gabe berriak sortzen jarduteak, ez garamatza inora", ohartarazi dio Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Artur Mas Kataluniako presidenteari.

"Hitz egitea, elkarrizketak izatea eta entzutea" komeni da, eta "ez da zilegi Espainiako presidentearengana joan eta esatea: hau da nire finantzazio eredua, eta gustuko ez baduzu, egin iezaiezu aurre ondorioei."

"Ondorioei aurre egingo diet, baina demokrazia ez da hori", gaineratu du Mariano Rajoyk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea