Politika -
Errioxako presidentea
Patxi Lopez historiako lehendakari okerrena izan da Pedro Sanzen ustez
Errioxako presidenteak EAEko hauteskundeen emaitzak aztertu ditu eta Patxi Lopezi egotzi dio PPk izan duen bozen galera.
Erredakzioa
Pedro Sanz Errioxako presidentearen arabera, Patxi Lopez inoiz egon den lehendakari okerrena izan da eta EAEko hauteskundeetan PPk izan duen bozen galeraren ardura egotzi dio. Gainera, "PSOEren baitan min handia" egin izana leporatu dio.
Efe agentziari egindako elkarrizketa batean, urriaren 21eko EAEko hauteskundeen emaitzak baloratu ditu Sanzek eta Patxi Lopez gogor kritikatu du, "jende askori huts egin diola" esanez.
"EAEko PPri min asko" egitea egotzi dio eta Antonio Basagoitik "trukean ezer jaso gabe babesa" eman ziola ekarri du gogora.
Hauteskundeen ostean sortutako egoeraren inguruan, Iñigo Urkullu lehendakarigaiarekin "harremanak normalizatzearen" alde azaldu du.
"Errioxak eta EAEk erakundeen arteko harremanak normalizatzea zintzilik dute", adierazi du Sanzek eta horren alde dagoela gaineratu du, "Errixako eta EAEko herritarrak oso lotuta daudelako". Urkulluren lehen adierazpenak "oraingoz, itxura ona" dutela esan du, alderdi guztiei elkarrizketak eskaini ostean. Ildo honetan, Jaurlaritzaren egonkortasuna bilatzeko Urkulluk Bildurekin akordioren bat egin dezakeela aipatu du, eta "horrek une jakin batzuetan talkaren bat eragin" dezakeela uste du.
Bilduk demokraziaren arauak errespetatu nahi ez baditu, "zuzenbidezko estatuak dituen tresnekin esku hartu beharko da", gaineratu du Errioxako presidenteak.