Politika -
Kataluniako hauteskundeak
PSCk babestutako erabakitzeko eskubidearen aurka agertu da Rubalcaba
PSCk kataluniarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du bere hauteskunde programan eta horrek ika-mika piztu du Alderdi Sozialistaren baitan.
Erredakzioa
Kataluniako Alderdi Sozialistak "galdeketa legal baten bidez" kataluniarren erabakitzeko eskubidea errespetatzearen alde egin du bere hauteskunde programan, baina Alfredo Perez Ruabalcaba kontra agertu da.
"Oinarrian" PSOE eta PSC bat datozela esan ostean, Rubalcabak argi hitzegin du: "Kataluniak Espainiaren parte izaten jarraitu behar du".
"Ez dut erabakitzeko eskubidearen formula babesten eta, beraz, PSCren programaren zati bat ez dut konpartitzen", azpimarratu du buruzagi sozialistak.
Bestalde, Galiziako eta EAEko hauteskundeetako emaitzak aztertzeko PSOEren zuzendaritzak gaur egingo duen bileraren harira ere hitz egin du Rubalcabak; izan ere, ika-mika piztu da PSOEren baitan, Jose Antonio Griñan Andaluziako presidenteak Rubalcabaren lidergoa zalantzan jarri duelako.
"Griñanek bere jarrera dauka, bere iritziak adierazten ditu eta gaur zuzendaritza-bileran esango ditu esan beharrekoak", azaldu du Rubalcabak. "Inoiz ez dit esan alderdia zuzendu nahi duela", erantsi du. Alderdi Sozialistak izan dituen emaitza txarrei dagokionez, "gutaz hitzegiteari utzi behar diogu egin behar diren aldaketak azkarrago egiteko", azpimarratu du.
"Buruan daukadan norabidea zuzena da, baina erritmoak aldatu behar dira, abiadura handiagoa behar dugu", adierazi du.