Politika -
Polizia operazioa
Resistencia Galega taldeko ustezko bi kide atxilotu dituzte Ferrolen
Poliziak finantzazio aparatuko kide izatea egozten die. Irailaren 16an, erakundeko ustezko beste bost kide atxilotu zituen Espainiako Poliziak.
Erredakzioa
Resistencia Galega Galiziako taldeko ustezko bi kide atxilotu dituzte astelehen gauean, Ferrol hirian (Coruña).
Julio Cesar Sayans Suarez Xuxo eta Silvia Maria Casal Sabin dira atxilotuak, eta finantzazio aparatuko kideak dira, Espainiako Barne Ministerioaren iritziz.
Julio Cesar Sayans Suarez Resistencia Galegako ustezko kidea finantzazio aparatuko arduradunetako bat zen, eta berari zegokion eskualdez eskualde dirua eta gainerako hornidurak lortzea, beti ere, Poliziaren iturriek jakinarazi dutenez. Ustez, Xuxok bildutako baliabideak erakundeko arduradunengana heltzen ziren, eta ondoren gai kimikoak erosten zituzten lehergailuak sortzeko.
Irailaren 16an taldeko beste bost ustezko kide atxilotu zituen Espainiako Poliziak.
Asteleheneko atxiloketa horiek 2011ko azaroaren 30ekoekin lotura dute, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Orduan, ustez Resistencia Galega taldeko kide ziren sei lagun atxilotu zituen Poliziak. Halaber, operazioan, potentzia handiko lau lehergailu eta material informatikoa atzeman zituzten.