Politika -
Polemika
Nafarroako Gobernuak aldarrikapena debekatuko du
Ordenantzaren arabera, debekatuta egongo da eraikin publikoetako fatxadetan edo barruko geletan pankartak, kartelak edota bestelako adierazpenik jartzea, horretarako prestatutako tokietatik kanpo.
Erredakzioa
Nafarroako Gobernuak langile publikoek Administrazioaren ondasunen eta eraikin publikoen erabilera egokia bermatzeko ordenantza bat onartu du.
Ordenantzaren arabera, Nafarroako Administrazioaren bulego eta eraikin publikoetan sinbolo eta errotulazio ofizialak erabili beharko dira, eta debekatuta egongo da eraikin publikoetako fatxadetan edo barruko geletan pankartak, kartelak edota bestelako adierazpenik jartzea, horretarako prestatutako tokietatik kanpo.
Ordenantza betetzen ez bada, "Funtzio Publikoaren eta langile publikoen jarduerak arautzen dituen estatutuetan jasotako zigorrak ezarriko dira".
Eraikinei dagokienez, eta ohiz kanpoko informazio kanpainetan, departamentuaren edo erakudearen arduradunaren baimenarekin salbuespenak egin ahal izango dira, betiere legea betetzen bada.
Ibilgailu ofizialetan eta zerbitzu publikoa eskaintzen dutenetan errotulazio ofizialak jarriko direla ere jaso dute gaur onartu duten testuan, eta bestelako mezu, iragarki, komunikazio edo sinbolorik ezingo dela jarri zehaztu dute.
Aurrerantzean, uniformeetan eta lanerako jantzietan bestelako mezuak edo irudiak erakustea ere debekatuta egongo da.
Espainiako bandera udaletxeetan
Urrian, Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak Espainiako bandera jartzea eskatu die Nafarroako 11 udali, Legeak agintzen duena betetzeko.
Oibar, Areso, Berriobeiti, Etxauri, Irañeta, Lakuntza, Obanos, Olaitz, Villatuerta, Igantzi eta Ziordia herriek hilabeteko epea dute legea betetzeko.