Politika -
Elkarrizketa ETBn
Celaa: 'PPk erreforma onartzen badu, Konstituzionalera joko dugu'
Hezkuntzako erreforma eztabaidatzeko epea irekita baldin badago ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako jarduneko sailburuak ez du uste lege berriak Euskadiren nahiak aseko dituenik.
Erredakzioa
Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako jarduneko sailburuak gaur goizean adierazi duenez, PPk hezkuntza erreforma aurrera ateratzen badu, Auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegitea aurkeztuko du Euskadik.
Espainiako Gobernuak, Ignacio Wert Hezkuntza ministroa buru duela, egin asmo duen hezkuntza erreforma izan du hizpide Isabel Celaa sailburuak ETBko ‘Egun on Euskadi’ saioan.
Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak hilabete gehiago eman die erkidegoei Gobernua hezkuntza arloan prestatzen ari den erreformaren aurreproiektuari ekarpen teknikoak egiteko. Wert ministroak eztabaidarako epea luzatu badu ere, ezkor agertu da Celaa: "Eztabaidatzeko denbora daukagu, baina ez dirudi erreformak gure nahiak aseko dituenik".
Antolamendu juridikoarekin ez dator bat Werten hezkuntza erreforma, Isabel Celaaren hitzetan: "Autonomia erkidegoek hezkuntza kurrikulumeko % 45 erabakitzeko eskumena daukagu". Hezkuntzako jarduneko sailburua haratago doa: "Hezkuntza erreformak Konstituzioaren aurreko garaira garamatza, eskumenei dagokienez behintzat."
Erreformaren mamiaz ere hitz egin du Isabel Celaak, eta lege berria hezkuntza eta gizartea bikoiztera garamatzala esan du. "Estatuaren Lege Organikoak eta egun indarrean dagoen Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legeak ez ditu ikasleak bereizten, guztiak berdin tratatzen ditu", Celaaren iritziz. Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa ezarri nahi dutenei, ordea, "talentuak aurkitu eta lehenbailehen besteengandik banatzea nahi dute.", gaineratu du.